Ohitu egiten gara hitzik itsusienetara ere. Ez gara ohartzen non eta nola ezkutatzen diren gure espanturik ez sortzeko. Baina izan badira hitz itsusiak, eta oharkabean, erraietan eragiten digute kaltea. Eta ez naiz biraoez ari. Ezagutzen ditudan batzuk polit askoak dira…
Mozorroturiko hitz itsusi horietako bat iruditzen zait giza baliabideak. Lehengo batean, adiskide batek esan zidan ez zegoela batere gustura bere lan-baldintzekin. Behin baino gehiagotan aipatu ziola bere arduradunari eta honek ez ziola jaramonik egin. «Giza baliabideen sailera» deitzeko asmoa zuela zuzenean. Musajea muzindu nion. Esan nion ez nintzela batere fio bere buruari giza baliabideak deitzen dion arlo batez, argi adierazten duela pertsona nola murrizten duen baliabide soil bihurtzeraino. Ur-baliabide edo teknologia-baliabideen pare jartzen dela langilea, giza baliabidetzat izendatzen dutenean. «Txorroskilo petrala» deitu zidan, edozeri ere puntta atera nahian ibiltzen naizela iradokiz. Nik esanak esan, erabakia zeukan. Deitu egingo zuen giza baliabideetara.
Hurrena egokitu ginenean, zerbait lortu zuen galdetu nion. «Ezer ez. Kaka zaharra!», erantzun zidan. Orain horri barne produktu gordina deitzea dotoreagoa dela esan nionean, trumoitu egin zitzaidan. Pribilegiatua deitu zidan. Bizitza jolasean har omen dezaket nik. Berak ez.