andoni egana
HITZ ETZANAK

Almazena

2017ko abenduaren 30a
00:00
Entzun
Bazen bertsolari bat, ona, punta-puntakoa, behin baino gehiagotan harriarazi ninduena. Ez ni bakarrik. Askok zeukan markakotzat. Izugarri harritu ninduen elkarrizketa batean eman zuen erantzunak. Halakok argitara berri zuen bertso liburu ederra irakurri al zuen galdetu zion kazetariak. Bazuela liburuaren berri, erantzun zion. Baina ez zuela irakurri. Eta ez zuela irakurtzeko asmorik. Berak ez zuela besteren deus irakurtzen eta entzuten. Hartara, derrigor beretik aritu behar izaten zuela. Bestela, deskuido batean bota zezakeela beste norbaitena zen burutazio edo hitzen bat, eta bekatu handia zela hori.

Asko gara jarrera horren beste muturrean kokatuko ginetekeenak, urtea amaitzera doan honetan hurrengorako nondik edan eta nondik ase pentsatzen hasiak gaudenak. Sormenari, adimenari eta emozioei dagokienez geuretik ateratzeko prest gaude, konplikaziorik gabea bizitza ere ez den ustean. Baina ez nuke ziur esango jarrera bat bestea baino hobea denik. Aratzetan aratz zen arestian aipaturiko bertsolaria. Nekez antzemango zenion akatsik.

Almazena gauza gutxirekin baina oso ordenatua eduki ala gauza askorekin eta nahas-mahasean. Hautua egin beharra dago. Asko eta ordenatua gutxi batzuek baino ez dezakete izan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.