Gero eta gehiago dira euskara eskolan edo euskaltegietan jaso duten euskaldunak. Sarritan aipaturiko datua da azken hamarkadetan 300.000 hiztun irabazi dituela euskarak, horietatik heren bat euskaltegietan. Euskara biziberritzeko prozesuan ezinbesteko ekarpena egiten dihardute euskarara etorri-berri horiek guztiek. Hiztun horien identitateari buruzko ikerketa bat egin dute Deustuko Unibertsitatean, eta euskaldun berri kontzeptua ere agertu da. Hizkuntza gabeziak dituenak hartzen du bere burua euskaldun berritzat. Hortaz, esan genezake karga negatibo argia duela; ez direla eroso sentitzen, alegia.
Uste dut badela garaia euskaldun berria kontzeptua alboratzeko. Zergatik? Bada, hiztunak sailkatu egiten ditugulako. Nik etxetik daukat euskara; beraz, euskaldun zaharra naiz. Baina neure lanbidea dela eta, zenbait kontu ikasi beharrean egon naiz, neure euskara hobetu behar izan izaten dut eta. Zer naiz, orduan: euskaldun zaharra, berria? Bada, euskalduna naiz, eta kito! Euskal hiztuna, ahal denetan euskaraz bizitzeko hautua egin duen herritarra. Ez gehiago, ez gutxiago.
Horrela definitzen ditut nik euskaltegietatik igaro diren milaka ikasle horiek: euskaldunak. Miresten ditut egin duten ahaleginagatik, denboran nahiz dirutan. Ikasle askok hamaika ordu eman dituzte euskaltegian; beste batzuek, autoikaskuntza-eredua aukeratuta, denbora anitz igaro dute ordenagailu zein tutoretzetan. Hots, euskara ikasten, praktikatzen, erabiltzen, sentitzen, gozatzen... ibili dira. Ez dute gutxi irabazi, eta garaia dute euskaldun direla entzuteko; unea dute babestuta eta euskal komunitatean beste bat direla sentitzeko. Ez dago esan beharrik aurreko ahalegin guztiak doakoa izan behar lukeela.
Hortaz, haiei euskaldun esatea dagokigu, eta gero eta erosoago senti daitezen neurriak jarri zein laguntza ematea ere bai, euskal komunitateko kide orori. Goian aipatu ikerketan hainbat gako ageri dira hiztun berriek gizarteratzeko egin behar izaten duten ahalegina, nolabait, errazteko: sareak sortzea, ikasi duten euskararekin ondo sentitzea, euskara espazio ez formaletara zabaltzea, haien berba moldeetara hurbiltzeko ahalegina igartzea...
Bada, AEKn aspaldi ohartu ginen honetaz: ez da nahikoa euskara euskaltegietako lau hormen artean irakastea eta ikastea; ikasitakoa praktikatu behar da, eta horretarako bideak jarri behar dira. Hortik eratorri ziren Praktika Jarduerak izeneko egitasmoak: Berbalagun, Mintzalagun, Gurasolagun... Izen ezagunak, eta denetan helburu bera: sarea osatzea, gustuak eta nahiak elkartuta euskaraz mintzatzea, lagunak egitea, gozatzea, ebaluatua ez sentitzea, euskaldun sentitzea.
Geure burua euskalduntzat dugunok badugu zer egin euskara ikasten ari direnikasleak euskaldun bihurtzeko orduan. Batetik, euskaraz hitz egitea kostatzen zaionari lagundu; bestetik, pazientzia eduki, etengabe zuzentzen ez ibili, ulertzeko ahalegina egin. Eta, bukatzeko, gure herriko Berbalagun, Mintzalagun, Gurasolagun talderen batean jardun, konpromiso zuzena hartu. Izan ere, euskararen bidean dagoen baten bidaide izatea zinez da erakargarria eta aberatsa.
Beraz, izenak izen, euskal hiztunak behar dira, euskaldunen herria euskaraz osatuko dugun hiztunak, alegia.
Euskaldun, eta kitto
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu