Udak jendea kalera ateratzen du, eta jendea kalera ateratzeak jendearekin gurutzatzea ekartzen du, eta jendearekin gurutzatzen zarenean jendeak zenbat dakien ohartzen zara. Berez sentsazio ederra da zu baino gehiago dakien jendearekin egotea. Nik beti pentsatu dut gerrarik baletor, edo beste pandemia batean sartzen bagaituzte, edo bizitzak buelta ematen badit, beharko dudala norbait ni iritsi ezin naizen lekura eramango nauena. Bada, udara honetan kargutu naiz, lasai egiteko moduan nagoela. Ez dago kuidadorik. Ehun bat erditzeri buruzko informazioa daukat dagoeneko: mota guztietako konplikazioen izenak errepikatu dizkidate buruan har ditzadan. Askok esan didate noiz hartu behar dudan baja, noiz arte eman behar dudan bularra, zenbat urte egingo ditudan lorik egin gabe, zergatik zekiten nik baino lehenago nire umeak arrautzak izango zituela, noiz hasi behar dudan oraindik jaio ez den pertsonari azukrea ematen... harrigarria da jendeak hori dena jakitea, eta ni mediku batek edo bestek esango didanari begira egotea. Hori bai, lasaitu jende gutxik lasaitu nau. Bata txurien, ospitaleen eta gaixotasunen aurrean berezko dudan lasaitasunak lagundu dit eusten, eta azkenean jende guztiari esan diot gauza bera: «Nik ez dut erditzeko beldurrik. Mundua mundu denetik infinitu emakume erditu dira, eta ni ez naiz izango nola erditu asmatu ezinik geldituko den bakarra». Jendea isildu egin zait inguruan, eta arraro begiratu didate. Baditut beldurrak nik ere, baina erditzea ez da horietako bat. Berdin dio. Hiru minutu baino lehen gomendatzen dizkizute zortzi krema tripan estriak aterako bazaizkizu emateko, eta gero etortzen zaizu beste bat eta esaten dizu pote urdinean saltzen duten Nivea markako krema dela onena. Eta esaten diozu zuk: «Aizu, nik aspaldi esan nizun hura erabiltzen nuela aurpegiko azala lehorra nuelako, eta sekulako bronka bota zenidan nire azala ez nuelako zaintzen». Berriz ere isilik gelditzen zaizkizu begira, eta beste nonbaitetik ateratzen dira: «Honezkero, sentituko duzu umea!». Eta zuk esaten diezu ezetz, zure ume horrek lasai egotea erabaki duela, eta berriz ere isiltzen dira.
Azkena ikusi nuen emaginak esan zidan belarriak ixteko kalean noanean, ez egiteko inori kasurik, baina batzuetan derrigortuta sentitzen naiz erantzutera.