martxelo otamendi

Ura, haizea, eguzkia… ez al dira denonak?

2024ko urriaren 24a
05:00
Entzun

Energia enpresek arazo bat daukate irabaziak kaleratzen dituztenean. Enpresak oso eraginkorrak direla erakusteak talka egiten duelako hilaren bukaerara justu iristen diren herritarren aurrean ematen duten aseezin irudiarekin. 

Beste enpresarien eta inbertsiogileen aurrean harro erakutsi nahi dituzte mozkinak, haien enpresak arrakastatsuak eta dirubide direla lau haizeetara zabalduz. Alegia, dirua inon inbertitzekotan, energia enpresetan egin behar duela diru asko irabazi nahi duenak. Iberdrolak aurtengo lehen bederatzi hilabeteetan irabazitakoaren berri eman zuen atzo: 4.305 milioi, Mexikon egindako salmentan jasotakoa behin kenduta.

Datu horiek, enpresarien mundutik kanpo, oso prentsa txarra daukate, baitik bat neguko hilabeteetako energiaren faktura etxeetara iristen denean; asko izango direlako atzo ezagutu genituen datuekin gogoratuko direnak. Herritar horiek botako dituzten biraoekin energia asko ekoitziko genuke, teknologia asmatuz gero.

Komeni da gogoratzea konpainiek dirutza horiek irabazteko erabiltzen dituzten langaiak —eguzkia, haizea, ura, lur azpikoak…— denon ondasuna direla, ez direla haienak. Administrazioek ondasun naturalen ustiaketa lagatzen diete, baina ez da haiena.

Haiena ez delako, denona delako, lan polita dauka ezkerrak energiaren negozioa irauli, eta buruan herritarrak —ez dirua bakarrik— edukiko dituen sistema publikoa eratzen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.