martxelo otamendi

Turismoa demokratizatu

2024ko uztailaren 19a
05:00
Entzun

Komunikabideetako orrialdeak eta albistegietako minutuak hartzen ari dira gero eta gehiago neurrigabeko turismoaren aurkako herritarren protestak.

Ez dira berriak gure herrian protesta horiek, duela urte batzuk Donostiako Parte Zaharreko herritar talde batek kalera jo zuen gune horren auzo bizitza erabat galtzen ari zelako turismo masiboaren ondorioz: kaleak gainezka, zarata handia edozein egunetan —ez asteburuetan bakarrik—, pisu turistikoak ugaritzearen ondorioz bertako gazteek ordaindu ezin dituzten alokairuak, gentrifikazioa, turistentzako parke tematikoa bihurtzea betiko merkataritza desagerrarazita...

Hiriburuko zenbait agintarik, hitz potoloak erabiliz, hiriaren ekonomiaren aurka jardutea leporatu zioten herritarren mugimenduari. Iragarritakoa bete denez gero, esandakoa irentsi, eta hasi dira agintariak turismoa mugatzeko erabakiak hartzen, AEBetako eta Europako hiriburu askok —New York, Venezia, Amsterdam...— hartu duten bidetik.

Pisu turistikoak eztabaidaren erdian daude, prezioak neurri gabe igo dituzten ostatu askoren alternatiba gisa. Alor honetan, edukitzaile handiak eta txikiak daude, eta ez da gauza bera inbertsio funtsa izatea jabea edo logela bat libre edukita alokairua ordaintzen laguntzeko erabiltzen duen herritarra.

Ordenatu beharra dago, turismoak ariketa demokratikoa izan behar baitu, ez bakarrik hotel garestia ordain dezaketenen apeta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.