Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Zoroak

2012ko urriaren 17a
00:00
Entzun
Bueltaka jarraitzen du munduak, eta bueltaka jarraitzen dugu geuk ere: hilaren azkenera iristeko kalkuluak, umeak eta lana uztartzeko malabarismoak, asteburuetan bizitza zukutzeko lanak, albokoekin etengabeko bakarrizketak... Zaharrak berri. Baina joan den igandetik gusturago gaude, handiago gara, jainkoago, urrats handia egin baitu berriro ere gizakiak. Tira, urratsa baino gehiago jauzia izan da oraingoan, estratosferikoa: 39.000 metroko altueratik bota du bere burua Felix Baumgartnerrek. Honezkero izango dituzue xehetasun guztiak: soinuaren abiadura gainditu duela, munduko hiru marka hautsi, 5 urte egin dituela prestatzen, une batez zorabiatuta sentitu zela, 43 urte dituela, austriarra... Akaso, heroi berriaren xehetasun intimoenen berri ere izango duzue jada, hedabideetan orriak eta minutuak ugari baitoaz balentria loriatzen eta haren gainetik begia kendu ezinik baikabiltza milioika lagun.

Azken batean, jainkoei desafioa jo, eta 4 minutuz Ikaroren ametsa berritu du Baumgartnerrek, eta, gainera, oraingoan, zientzia, teknologia eta edari marka baten marketin estrategiak xahututako dirutzari esker, onik atera da. «Onik atera gara», pentsatzen eta sinesten dugu geure golkorako, geure zoroak baino gehiago besterenak bizi baikaitu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.