Onintza Enbeita
Bira

Zaintza

2012ko urtarrilaren 28a
00:00
Entzun
Begoñek esan dit zaintza partekatuaren kontra egotea gizonen kontrako misoginia dela. Orduan, minutu batez isildu egin naiz. Badirudi formula magiko bat dagoela dibortzioak konpontzeko, eta Begoñek bere arrazoiak orokortzen ditu. Nik almazena husten dut arrazoien bila, eta bilatzen ditudanean, orokortu egiten ditut neuk ezagutzen ditudan kasuak. Ez nago zaintza partekatuaren kontra, baina horren oinarrian gustatzen ez zaidan ideia bat dago: dibortzio legea emakumeen alde eginda dago. Eta ez dut esango hori hala ez denik, baina hori egiaren erdia baino ez da. Dibortzio legea ez du Jaungoikoak egin, gizonak idatzi du noizbait. Ez naiz erratu, gizona esan nahi nuen. Nork idatziak dira, bada, lege asko eta asko? Zaila egiten zait pentsatzea gizonek, batez ere orain dela urte batzuk, emakume guztientzat ona den zerbait idatziko zutela euren kaltetan. Dibortzioaren legeak egiten duena da urteetan sinetsarazi digutenari bide eman: umeek amarekin egon behar dute. Formula horrek gauza askotan mesede egin dio gizonari, eta emakumeari ezertan lagundu badio, dibortzioan bakarrik izan da. Eta galdetzen diot Begoñeri: baina benetan abantaila al da umeak gurekin gelditzea? Ez ote da misoginia emakume guztiok kustodia konpartituaren kontra gaudela pentsatzea?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.