Bira
Ume kontuak
Jar gaitezen 16 urteko gaztearen lekuan: irakasleek aspaldi egin zioten azkeneko aldiz oharra erdaraz ari zelako. Etxean ere berdintsu: gurasoek maiz esaten diote arreba txikiari euskaraz egiteko, baina bera, dirudienez, jada libre da obligazio horretatik. Are, dirudienez, aitak eta amak ireki dizkiote beren klubeko ateak, eta gero eta lasaiago aritzen dira erdaraz bere aurrean; gero eta sarriago egiten diote gazteleraz berari ere. 16 urteko gazteak jakin badaki euskara hutsezko egunkari bat badela, baina ez du inoiz etxean ikusi. Logelako apaletan euskarazko ipuin eta liburu mordoa dauzka, txikitakoak, baina, orain, gaztelerazkoak ekartzen dizkiote osaba-izeba opari didaktikoen zaleek. Salako liburutegi handian, berriz, hiru liburu baino ez daude euskaraz, eta irakurle amorratua den amari askotan entzun dio esaten zaila dela euskaraz irakurtzea, ez dela disfrutatzen. 16 urteko gazteak telebista jartzen duenean bizpahiru katetan egiten diote euskaraz; dozenaka ditu erdarazkoak. 16 urteko gazteak aspaldi utzi zuen atzean pailazo jatorren mundua, eta kirol-musika-moda-bihotzak osatutako ikuskizun mundua zaio erakargarri; euskaraz ez da halakorik. 16 urteko gazteak euskara umeen kontua dela ondorioztatu du, eta ez du umeen kontuekin ezer jakin nahi.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu