Idurre Eskisabel Larrañaga.
Bira

Txiki

2012ko ekainaren 24a
00:00
Entzun
Ekaitzak dira 3 urteko alabaren amesgaiztoa: laino ilunak pilatzen hasi orduko urduritzen da eta errepideko kamioien harrabotsekin asaldatuta bizi da, denak trumoi zaratak iruditzen baitzaizkio. Behin eta berriro esan diogu ez dela ezer gertatzen, ekaitzak txintxoak direla, euriaren bidez bizitzeko ur beharrezkoa ekartzen digutela eta ura ekartzeko lasterketa horretanburrum hodeiek talka egiten dutela. Are, saiatu gara aingerutxo, ama maitagarri edota galtzagorri jostarien danbor hotsen ipuinekin, baina alferrik, tximistaren bristada sentitu orduko beldur kontsolagaitzak hartzen du. Eta haserretu egiten da, lehertzen denean, ez aitak, ez amak, ez berak ez daukagulako ekaitza gerarazteko gaitasunik.

Agidanez, birramona Mariaren beldur bera bizi du, hari ere aldartea erabat goibeltzen baitzitzaion trumoia sumatu orduko, eta Santa Barbarari erreguka baino araoka aritzen bide zen, izu adierazpen kontsolaezinean, ekaitza urrundu arte.

Argindarra mirari zitzaion birramonari; birbilobak, aldiz, oinez baino lehenago ikasi du ordenagailua pizten. Baina beldur berak batzen ditu mende beteko aldeaz: natura handia norberaren nahietara makurtzeko ezintasunak; hots, giza jendearen txikitasunak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.