Bira
Sarraskia
Erreaktoreak krak egin zuen, eta agintariak isildu egin ziren. Gertatzen ari zena isilean gordetzea erabaki zuten, alarma piztuz gero sor zitekeen egoera saihestu nahian edo. Inoiz ez dugu garbi jakingo zergatik ez zuten lehenengo momentutik guztia esan. Lehen egunean ehunka suhiltzaile gaixotu ziren, larri erreaktibitatearen eraginez. Handik kilometro batzuetara pinudi bat gorritu zen goizetik gauera, baina jendeak ez zeukan gertatzen ari zena esplikatzeko frogarik. Mila eta ehun kilometrotara, Suedian, zentral nuklear bateko langileen arropetan partikula erradiaktiboak agertu ziren. Arazoa lan egiten zuten zentralean zegoelakoan, egoera ikertzen hasi ziren, eta orduan jakin zuen munduak Txernobylek sua hartu zuela. 2.500 gradura iritsi omen zen erreaktorea. Inork ezer jakin zuenerako, milioika partikula kutsakor aireratu zituen Txernobylgo zentral nuklearrak. Gaur bete dira hogeita sei urte, eta oraindik beste hainbeste eta gehiago pasatu beharko dira erreaktorea hoztu arte. Txernobylgo umeak uda pasatzera gurera etortzen dira, aire garbia arnasteko beharra dutelako, eta harrezkero jaio diren belaunaldi berri guztiek daramate sarraskiaren arrastoa azalean, biriketan, odolean… eta, dakigun guztia jakinda ere, Garoña zabalik dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu