Onintza Enbeita
Bira

Printzesak

2012ko urtarrilaren 27a
00:00
Entzun
Edurne Zuriren berri izan nuen lehen egunetik galdetu diot ispiluari Muxikako neskarik politena nor den: sekula ez dit nire izena esan. Kuleroak lehen aldiz galdu nituenean, pentsatu nuen Errauskineri zapatarekin nola, niri ere agertuko zitzaidala printzea etxean kuleroak eskuan zituela. Honezkero, susmatzen dut topatu duela nire kuleroetan neu baino hobeto kabitzen den baten bat. Nerabea nintzen Pretty Woman ikusi nuenean, eta mila aldiz amets egin dut gure baserriko balkoipean limusina zuria dagoela nire zain. Eta egundo ez naiz ni baino diru gehiago duen inorekin oheratu. Aitzitik, gehienetan, taxia, afaria, garagardoak, gosaria, ostatua… ordaintzea tokatu zait. Aurkitu nuen lehenengo printzea kokaina uzteko zentro batean ikusi nuen azken aldiz. Bigarrena zoragarria zen, eta asko maite ninduen; baina ezkonduta zegoen. Laugarrenaren atzetik hilabeteak eman nituen, eta, azkenean, proposamen erromantikoa egin zidan: «Onin, egingo dugu larrutan?». Ikusiak ikusita, ez nintzen eskandalizatu, baina oraindik ere deitzeko itxaroten nago. Hortik aurrerakoak ez kontatuta hobe, bestela baten batek pena hartuko dit. Beraz, nire alabei inork, inoiz, ipuin txoro horietako bat kontatzen badie, belarrondoko bi emango dizkiot. Ze kalte egin diguten, jolin!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.