Bira
Lerro artean
Goizeko zazpietan jaso nuen berria, eta kosta egin zitzaidan digeritzea: Ertzaintza Errekalden zegoen eta bertan bildutakoei oldartu zitzaien. Amaieraren hasiera baino ez zen izan. Notiziak gero eta beltzagoak ziren: atxilotuak, eskabadorak, tankeak... azkenean irakurri nuen nola hustu zuten Kukutza. Ez nuen irakurtzen jarraitu nahi izan. Behin eta berriro esan nion neure buruari egoteko lasai, badugula euskaldunok hegazti fenixaren generen bat eta badakigula errautsetatik ernetzen: Gernikan egin genuela, Euskaldunon Egunkaria-rekin eta Egin-ekin egin genuela, ez dela gaztetxe bat bota eta beste bat okupatzen den lehen aldia... Errekalden ere egingo dutela esaten nion neure buruari, baina konbentzitzeko zorian nengoela, berri garratza irakurri nuen. Une batez bihotzerrea ere eragin zidan notiziak: Mercedes Gallizo Espainiako Espetxe Erakundeetako idazkari nagusiak Zaballako kartzela inauguratu zuen atzo, eta, esan zuenez,Langraizko espetxe zaharrean Arabako gizarteratze zentroa egingo dute. Lerro artean hauxe esaten ari zela iruditu zitzaidan: berdin digu zenbat zareten, ze indar daukazuen, zer eraiki nahi duzuen; guk agintzen dugunaren kontra ezer egiten duzuen guztiontzako lekua dago hemen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu