Bira

Krisia

Onintza Enbeita
2011ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Esan ziguten oporretan etxean geratuz gero, ez genuela deskantsatuko, eta urruneko hondartzen bila joan ginen. Inork ez zuen gutxiago izan nahi, eta bankuetako ateak jo zituzten batzuek oporretarako dirua lortzeko. Batzuk krisirik ez zegoen garaiko oporrak ordaintzen ari dira oraindik. Inoiz gurea izango ez den etxe baten errenta ordaintzea dirua errekara botatzea dela sinetsi arazi ziguten, eta etxeak erosten hasi ginen guztiok. Gero eta garestiago jarri zizkiguten, eta krisirik ez zegoen garaiko etxebizitzak ordaintzen ari dira asko oraindik ere. Bizitzeko beharrezkoak omen ziren gauzak asmatu zituzten: bideo kameradun segapotoak, segapotorik gabeko bideo kamerak, gero eta definizio gehiagoko argazki kamerak, sukalderako telebistak, egongelarako telebistak, logelarako telebistak, autorako DVDak… ia dena erosi genuen. Gauza onak derrigor asko ordaindu behar zirela zioten zurrumurruek, eta dirua genuenean denda garestietara joan ginen modan egoteko. Gero krisia asmatu zuten, eta orduan bai, orduan benetan ari ziren. Orduan konturatu ginen gauza batzuk ez zirela beharrezkoak, baina ahaztuta genuen benetan zer den garrantzitsua. Itoegi gaude, zorrak ordaintzeko lan egin behar dugu, baina hori ere kendu egiten digute gutxien espero dugunean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.