Bira
Jo eta hil
Niri berdin dit Tolosan, Gasteizen edo Tuteran gertatu den; eta ez dut uste garrantzitsua denik hil dena Ekuadorkoa izatea edo hil duena Perutik etorri izana. Pentsatzen dut ez dela garrantzitsua aurten hildako zenbatgarrena den gaur hil dutena edo herenegun garbitu zutena. Bakarra ere nahikoa da eskuak burura eramateko, eta ez nuke nahi hildakoak zenbakitzat hartzerik. Telebistan eta egunkarietan gogaitu arte irakurtzen ditudan datuak alferrikakoak direla begitantzen zait. Tolosan hil zuten indarkeria matxistaren Euskal Autonomia Erkidegoko aurtengo lehen biktima. Hori ez da titulura eraman beharrekoa. Niretzat notizia da aurten, 2012an, XXI. mendean, oraindik ere indarkeria matxistaren ondorioz emakumeak hiltzea. Guk, ekialdeko bizilagunok, mundu guztira demokraziari eta bakeari buruzko lezioak ematera joan garenok, urrutiko emakumeei askapenerako bideak irakatsi dizkiegun andre zein gizonok, geure burua garatutzat daukagunok, ez dugu izurrite mingarri eta jasangaitz horren kontra ezer eraginkorrik egin. Arazoa estrukturala da, beraz. Busti gaitezen benetan: alda dezagun botere harremanetan oinarritutako gizarte egitura hau. Pertsona askeak eraiki behar ditugu, eta ez sexuak indartsuago edo ahulago egingo dituen gizon-emakumeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu