Ariketa fisiko etengabeak, lehertu arte, arnasa galtzeraino; flexioak, flexioak… Mehatxuak, irainak; hasieratik esan zidaten: hau kate bat da, trenbide bat. Gelditu aurreneko geltokian nahi baduzu, edo egin bide osoa bestela, baina hemen denek kantatzen dute. […] Beste guardia zibil talde batek egin zidan poltsa. Bi aldiz egin zidaten. Pentsatuta neukan nire inozoan poltsarekin minutu erdi irauten zenuela arnasa galdu arte. Ez duzu irauten hiru segundo! Eta bazoaz…[...] Kolpe batzuk barrabiletan, eta gehiago etor zitezkeelako iradokizunak. Kolpe sendoak, ez. Joan Marik [Torrealdai], bai. […] Erabat biluzik, batzuetan galtzontziloak belaunetan, tripaz gora eta tripaz behera jartzen ninduten. Sexu jarrerari buruzko irainak ere bai: 'Jar zaitez horrela, badakigu-eta horrela gustatzen zaizula'… Biluzik nengoela plastiko bildu bat ere ibili zidaten ipurdian».
Martxelo Otamendik kontatu zuen hori guztia 2003ko otsail beltz hartan, eta hain gaude inpunitatera ohituta, pozarren hartu dugu Europako Giza Eskubideen Auzitegiak Espainia zigortzea tortura salaketa behar bezala ikertu ez zuelako, 10 urte beranduago. Inpunitatera erabat ohituta egon arren, ez dezagun ahantz Otamendik jasandakoa izebergaren punta baino ez dela; zehatzago, izubergarena.
Bira
Izuberga
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu