Onintza Enbeita
Bira

Isiltasuna

2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Goizean jaikitzen garenetik berriro oheratzen garenera arte, zarataz inguratuta bizi gara: autoak, berbaroa, kaleko lanak, trena, musika… Eta ez bakarrik hirian, herrian ere badira zaratak: txorien txioak, errekaren hotsa, behiak, haizea, ardiak… Bake gutxi izaten dugu egunak irauten duen denboran. Egun guztian izaten ditugu belarriak soinuz beteta, eta, hala ere, etxeko bakardadean kanpoko atea itxi arte ez gara konturatzen. Halako batean, lasaitu egiten gara, ez dakigu garbi zer den, baina zeruan gaudela iruditzen zaigu: noski, etxean gaude eta ez dago zaratarik. Harrigarria dirudi, baina zaraten munduan gure belarriak harritzen dituena isiltasuna da. Bat-batean ezer ez entzuteak erne jartzen gaitu, eta gustatu egiten zait sentsazio hori. Lekutik ateratzen naute isiltasunean lasai dagoenari bakea lapurtzen diotenek «zer pentsatzen ari zara?» galdetuz; auzo lotsa ematen didate herrian dauden hitzaldi, batzar edo dena delako guztietan ezer garrantzitsurik ez esateko beti berba egiten dutenek; eztabaidak irabazteko denek baino ozenago berba egiten dutenak ez zaizkit gustatzen; urduri jartzen nau igogailuetan derrigor zerbait esan beharrak. Isiltasuna benetan da gauza ederra, eta neugandik hasita, saiatu behar genuke, merezi duen zerbait esateko bakarrik apurtzen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.