Bira

Eskuburdinak

Onintza Enbeita
2011ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Eskuburdinek ez dute efektu bera atxilotu guztiengan. Euskal Herrian, eta batez ere kausa politikoengatik atxilotzen dituztenak, eskuburdinak jarri orduko izenak esaten hasten dira. Nahi gabe, eta inork behartu gabe oka egiten dituzte dakizkitenak eta ez dakizkitenak; badaezpada ere. Euskal Herrian atxiloketak inoiz ez dira banan-banan etortzen: eskuburdinak dituenak zenbat eta ordu gehiago egin komisarian, orduan eta jende gehiago ateratzen dute gauez ohetik. Andaluzian, ostera, atxiloketak banan-banan gertatzen dira. Eskuburdinak jartzen dizkiote umemoko biri, eta, gogorik ez dutenez, ez dute esaten hil duten adingabeko neska non lurperatu duten. Ezta abokatuaren, fiskalaren, familiaren eta epailearen aurrean ere. Andaluzian, eskuburdinek ez dutenez Euskal Herrian duten efektu bera, umemoko bik adarra jotzen die justizia sistema ordaintzeko zergak ordaintzen dituzten herritarrei. Ez nuke nahi, inondik inora ere, eskuburdin magiko horiek Euskal Herrian duten efektua Andaluzian izan dezaten, noski. Hori esango banu, torturaren apologia beldurgarria egingo nuke. Izan ere, torturarik ez badago, eta eskuburdinak magikoak ez badira, zuek esplikatuko didazue halako desberdintasunak zer dela-eta sortzen diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.