Miren Amuriza.
BIRA

Errekaleor

2017ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Nire aitaren etxea defendituko dut, nire amarena ere bai; nire seme-alaben etxea defendituko dut, baita nire lagunena ere; nire lagunen etxea, kalea, auzoa defendituko dut. Otsoen kontra, txakurren kontra, lukurreriaren kontra; Gasteizko udalaren kontra, Jaurlaritzaren kontra, justiziaren kontra defenditu eginen dut nire lagunen auzoa. Galduko ditut erosotasunak, zerbitzuak, eskubideak; galduko ditut lan-orduak, klase-orduak, lo-orduak, baina nire lagunen auzoa defendituko dut.

Argindarra kenduko didate etakandelekin, frontalekin, linternekin defendituko dut nire lagunen auzoa; eguzki plakak ipiniko ditut teilatuan; liburutegietan, tabernetan edo adiskideen sukaldeetan kargatuko ditut mugikorra eta portatila. Ur beroa moztuko didate eta hiriko kiroldegietara joango naiz dutxatzera; hozkailua amatatuko didate eta gatzetan gordeko dut haragia, ur-ontzietan freskatuko ditut jogurtak, egunean eguneko barazkiak jango ditut ortutik hara.

Telebistarik gabe, twitterrik gabe, facebookik gabe utziko naute eta ahoz aho kontatuko, amestuko, defendituko dut nire lagunen auzoa. Argindarra itzuliko didate eta berdin-berdin segituko dut ortua lantzen, kandelak pizten, eguzki plakak erabiltzen eta lo -orduak galtzen; nire lagunen auzoa defenditzen. Eta etxeak eraitsiko dituzte agian, baina nire lagunen auzo ereduak iraunen du zutik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIAk ahotsa ematen die gizarte justu baten alde egiten duten mugimenduei. Urriaren 3a baino lehen 100 euroko ekarpena eginez gero, 'Gazako egunerokoa' liburua jasoko duzu opari.