Bira
Erralde
Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak euren buruari bakarrik kasu egiten jarraitzen badute, litekeena da Erralde zabalik dagoen azken eguna bihar izatea. Lehen sektorea deitzen dioten horrentzat galera handia izango da, baina gehienek ez dute ikusi nahi. Kontzentrazioan izan nintzen baserritarrekin. «Ganadu gutxi daukanak garraioan gastatu beharko duenarekin kendu egingo ditu behiak, eta gero eta abeltzain gutxiago izango gara», esan zuen batek. Beste batek erantzun ona eman zion, «hori horrela duk, baina gero zartaginera botatzen denean guztiek ikusiko ditek desberdintasuna! Supermerkatuko okela erdira jaisten duk!». Badakite baserritarrek zertaz ari diren kalitateaz ari direnean: «Nik ez daukat ganadu askorik, baina dendako edozein okela erosi baino gurago dut etxean hil lehenago hiltzen genuen moduan: borrarekin jo buruan eta izozkailura!». «Orduan, ferreteruek irabaziko dute!», esan zion beste batek eta denok egin genuen barre. Baina baserritarrek badakite okela ona saltzeko bakarrik ez, jateko ere okela eskasa baino hobea dela. Kontua da, besteok, hirietan bizi direnak edo gurasoen ortutik majo gizendu garenok, okela meatzeetan egiten dela edo pentsatzen dugula; ze ez digu batere ardura nekazaritza osoa pikutara joateak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu