Bira

Erlijioa

Onintza Enbeita
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Na'ama Margolese 8 urteko neskato israeldarra da. Zoriontsua behar luke bere adinean, baina arazoak ditu eskolara joateko: tu egiten diote etxetik eskolarako bidean. Zenbait gizon helduk erabaki dute, ez dakigu zein Jaungoiko edo erlijioren izenean, Na'ama Margolese ez dela egoki jantzita joaten eskolara, eta hori pentsatzeak umeari tu egiteko eskubidea ematen die, antza. Hau guztia judu ultraortodoxoen obsesio berria baino ez da. Izan ere, orain bururatu zaie emakumeak eta gizonak ezin garela espaloi beretan ibili: sexu segregazioa deitu diote. Margoleseren hirian seinaleak ipini dituzte espaloi bakoitzetik zakilek edo aluek ibili behar duten argitzeko. Israelgo lehen ministroak fanatismoaren kontra egin du, baina nago erru handia gobernuak berak ez ote duen. Askotan sinetsarazi nahi izan digute Israel eta Palestinaren arteko gatazkaren atzean erlijioa dagoela, eta aitzakia horrekin Israelgo Gobernuak elikatu egin ditu judu ortodoxoak. Elikatzearen elikatzeaz, ortodoxoak nahikoa ez, eta ultraortodoxoak erne zaizkio. Inori botatzeko eraikitako armek min handiagoa egiten dute etxean lehertzen direnean, eta ea orain nola geldiarazten dituzten erlijioaren izenean zentzugabekeriak egiten ari diren zorook.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.