Bira

Durango II

Onintza Enbeita
2011ko abenduaren 8a
00:00
Entzun
Landakoko ateak zeharkatu orduko, mikrofonotik norbait liburuak edo diskoak sinatzen ari dela abisatzen digute. Erosleok ilaran itxaroten dugu erosi dugun liburua edo diskoa sina diezaiguten, eta ez zaitezela aurrekoari lekua kentzera ausartu. Idazlearen edo musikariaren nekea ez dugu ulertzen sinatzen hasi denetik ordu bi pasatu direnean ere. Guk gauza originalak nahi ditugu: preso daukadan lagun batentzat da; ipini zeozer polita nire alabari; kanpoan bizi den semearentzat da; nire senarrari asko gustatzen zaio nola idazten duzun... eta euskal idazle eta musikariek irribarre bana oparitzen digute eurengana hurbildu garen berrehungarren aurpegia bagara ere. Asteartean pailazoak ikusi genituen azokan. Euskal Herriko umeek gehien maite dituzten pailazoak. Ehunka ume eta guraso hurbildu zitzaizkien argazkiak, muxuak eta sinadurak eskatzera. Bidean aurrera egiteko nahiko lan bazuten. Kokotean neraman ilobari pailazoei agur egiteko esaten nion, nekatuta zeudela, eta bide batez, haien inguruko korroa pasatu egin nahi nuen behar nuen lekura heltzeko. Bidean, guraso ezagun batzuk ikusi nituen, eta ilobarekin nuen elkarrizketa entzun orduko erantzun zidaten: «Gu ere nekatuta gaude itxaroteaz». Ze gogorra den Durango artistentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.