Bira
Dietak
Dieta asko egindakoa naiz, eta badakit guztietan sufritzen dela. Beti pentsatu dut egongo dela dieta zoragarriren bat txokolatea jatea baimentzen duena, baina gero, praktikan, beti kentzen dizkidate lehen astean hasi eta hirugarren hilabetera arte faltan sumatzen ditudan gauzak. Azkenean, baina, aurkitu dut dieta egoki bat. Ez dakit argaltzeko balio duen, baina mauka itzela da. Dieta zoragarri hau ez da egin behar, jaso egiten da. Egin behar den bakarra da Nafarroako Gobernuan kargua izan eta CANeko ordezkaritzak hartzea. Alderdi konkretu bat ordezkatzen baduzu gainera, hobeto: lehenago egingo dizu efektua. Kargua hartu, batzarretara joan, eta berehala aplikatzen dizute delako dieta hori, eta egunkarietan irakurri dudanez, zazpi urtean, gutxi gorabehera 750.000 euro ematen dizkizute dietetan. Notiziak leher egiten duenean jendea haserretzen bada, ez duzu zertan larritu: egin behar duzun bakarra da komunikabideen aurrean onartzea gehitxo izan ote den jaso duzun dieta. Horrekin dena konponduko da, eta bestela, denborak egingo du bere lana memorietan. Halako dieta egiteko aukera izanda, ez nintzateke baskularen gainean jarriko dirua pisatzeko izan ezik. Handienak ez ditugu oraindik ikusi!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu