Bira
Borobila
Bat-batean konturatu naiz ez zaidala niri bakarrik gertatu. Nire mina paperean jarri dudanerako, jendeak Facebookera igo du nire testua, eta kontatu dudanarekin identifikatuta sentitzen dira nire lagun eta ezagun asko. Bat-batean konturatu naiz jarrera sozial bat esplikatu dudala anekdota soil bat kontatu beharrean. Eta, bat-batean, pultsua azkartu zait, neure buruarekin haserretzeraino: hainbeste bagara mindu gaituztenak, fajak edo dena delakoak erostera kondenatu gaituztenak, zergatik ez dugu ezer egiten? Esaten dugu gauden moduan ere erakargarriak eta ederrak garela, baina gehienok dirutza gastatu dugu dietetan. 34 neurriko bakeroak bai baina 46koak saltzen ez dituzten dendei boikota egin beharrean, amets egiten dugu halako leku batean noizbait gure neurriko zerbait aurkitzearekin. Geure burua autozentsuratzen dugu modan dauden zenbait prenda ez direlako gure neurrirako asmatuak. Itxurari garrantzi izugarria ematen zaio, baina ni ohartu naiz neuri ez zaidala nire itxura batere gustatzen. Maite ditudan lagunei, maitaleei, senideei exijitzen ez dizkiegun bertuteak ez izatearren, gutxietsi egiten dut neure burua. Gizarte honek ez dit borobila izaten uzten, eta taula itxura hartzen saiatzen naiz behin eta berriz, baina alferrik da: mundua bera ere borobila da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu