Bira
Beldurra
Nik ez dakit amama Klarak Biblia irakurrita izango zuen edo ez, baina Walt Disneyk ipuinak baino hobeto kontatzen zituen bertako kontuak. Bereziki gogoratzen dut nola kontatzen zigun azken juizioko eguna: «Zerutik aingeruak jaitsiko dira tronpeta joz, eta Jainkoak guztiok eramango gaitu Josafateko zelaira, eta han onak eta txarrak bereiziko ditu. Baina gu lasai joango gara onak izan baikara; eta onak salbatu egingo gara betirako infernutik». Pentsatze hutsak kakatan jartzen ninduen. Atera kontuak: amamaren ohe buruko Ama Birjinaren inguruko aingeruei tronpetak ikusten nizkien. Orain badakit hor goietan ez dagoela izaki potolo hegodunik, baina egunotan Bilbon ikusi ditudan tronpeta jotzaileek beldurra ematen didate: sotana luzeak jantzita ibili dira, gurutzea eskuan, aurpegia estalita, oinutsik. Beti galdetu diot neure buruari ea zergatik erabiltzen duten beldurra fedea zabaltzeko: Jainkoak zigortuko zaitu, bizkarrezurra okertuko zaizu… eta pentsatzen dut kontua dela lehenengo beldurrak sortzen dizkigutela, eta gero, eurek sortutako beldurren irtenbide gisa, zerua eskaintzen digutela. Esan nahi dut Josafateko zelaia dagoela sinesten ez duenak ez duela behar Jainkoaren salbaziorik, eta salbaziorik behar ez duenak ez duela zertan hura lortzeko meriturik egin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu