Bira

Barkamena

Onintza Enbeita
2011ko urriaren 15a
00:00
Entzun
Ez dut ulertzen barkamena eskatzeko ohitura. Bizi denak min hartu eta egiten du, maite du eta maite dute, gorroto du eta gorroto dute, jasaten dute edo ez eta jasaten du edo ez. Bizi garen seinale da gaur barrea eragin digun horrek bihar negarra eragitea. Ez baikaude geldi, eta dabilenari gauza asko gertatzen zaizkio. Ez naiz ni inor baino hobea, ezta txarragoa ere, baina badakit jaso dudan adina min egin dudala bidean. Askotan nahi gabe izan da, ondo pentsatuta emandako pausoren batek mindu dituelako inguruko zenbait. Saiatu arren, ezin izan dut besteen mina saihestu. Beste batzuetan jakinaren gainean mindu dut jendea. Badira norbere zilborrari bakarrik begiratuta hartu behar diren erabakiak, eta halakoetan zaila da maitasun adina min ez sortzea, nahiz eta ondorioak aurretiaz jakin. Nahi gabe min egin dudanean alferrik esan dut barka nazazu; denborak eraman ditu urak bere bidera, eta maitasunak lekua hartu du. Jakinaren gainean min egin dudanean ez dut barkamena eskatzeko aurpegirik izan. Aurretiaz jakin izan dut zertan ari naizen, eta besteen minari baino garrantzi handiagoa eman diet neure helburuei. Hain zuzen ere, horregatik ez dut sinesten barkamenean, ez gauza pertsonaletan ez kolektiboetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.