Espainiaren gainbehera ekonomikoa handitu ahala independentziaren aukerara hurbiltzen ari diren adiskide dezente dauzkat. Lehen ere abertzale ziren, autogobernu zabal baten aldekoak, baina independentzia galbidea zen: estatuez gaindiko botere egituraketen garaian anakronismo bakartzaile eta suizida bat; are, herri nortasunaz arduratzea iraganekoa, identitateak askotarikoak, uztargarriak eta autoeraikiak direla jakin dugun sasoi multikulturalean. Baina, orain, uste dute lehen independentziak bezala Espainiari lotuta segitzeak zigor gaitzakeela egun betiko azak jatera, eta, noski, inork ez du Albania edo Afrika izan nahi.
Adiskide horietako asko lerdea dariela daude egunotan Kataluniara begira; hangoa irakaspena: independentziari zentzu praktikoa eman ei diote, gure katramila identitarioaz oso bestelakoa. Hobeto bizitzea omen helburu eredugarria. Baina ahaztu egiten dute hobeto bizitzeak sabel eta poltsikoekin ez ezik buru-bihotzekin ere baduela zerikusia. Ni, bederen, askoz ere hobeto biziko nintzateke naizena izatea oztopatzen didan egituratik aparte; neure burua euskaldun ardaztea erabaki dudalako bitxi, bazterreko, susmopeko eta gutxietsi egiten nauen amaraunetik kanpo. Ahal dela beti azak jatetik libre, baina, batik bat, etengabe azak jotzen dizkidatela sentitu gabe.
Bira
Azak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu