Lotsagorritu egin ginen telebistari begira 1982an, Verano azul sail miretsiko Bea ederrari hilekoa lehen aldiz jaitsi zitzaionean; egoera deserosoetako eztultxoak nagusitu ziren etxe askotako egongeletan. Izan ere, hilekoa eta, oro har, emakumeon gorputzarekin eta, bereziki, sexualitatearekin lotuta zegoen guztia isilekoa, ezkutukoa eta lotsatzekoa zen.
1983an, lotsagorritu baino gehiago, zorabiatu egin ginen, Barakaldoko Vulpess punk-rock taldeak pantailatik Me gusta ser una zorra kantatu zigunean. Eskandaluak aise gainditu zuen etxeko egongelen eremua, eta lehen mailako gai politiko bihurtu zen hego euskal herritarren eremuan. Izan ere, nerabeentzako telesail azukretsuetan hileko hitza aipatzen zelako asaldatzen zen jendarte hartan, «Maitasunez hizketan bazatozkit[…] / utzidazu nire iritzia ematen: / begira, mozoloa, eman diezaizutela popatik, / puta bat izatea gustatzen zait!» kantatzen zuten lau neska gazte haiek kontzientzia zintzoak zartarazten zituzten lehergailuak ziren. Orduko neska nerabeok denbora behar izan genuen mezu bortitz hura liseritu eta geure egiteko: gure gorputza, gure sexualitatea, gure desioak gureak direla; geu. Vulpess izan genuen xaxatzaileetako bat. Rockaren eta emakumeen arteko harremana plazara ekartzen hasi garen honetan, ez ditzagun ahaztu.
Bira
Aitzindariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu