Aitor

Amaia Iturriotz Etxaniz
2024ko apirilaren 28a
05:00
Entzun
Mariñe Arbeo Astigarraga
Mariñe Arbeo Astigarraga

Aitorren garaia da udaberria. Eguraldi ederra, egunak luzeak... Txoriak, loreak eta Aitor. Bertso-eskola feministetako kide ez bada ere, haietan oso ezaguna da Aitor, laguna kasik. Jatorra baita Aitor. Etxerako moduko mutila.

Aitor kontzeptu bat da. Ander edo Julen izan zitekeen, baina Aitor esaten hasi ginen denok ezagutzen dugun mutil jator kirolzaleari, zeina entrenatzera irteten den astean hirutan gutxienez. Aloñako igoera, Izazpikoa, Lesakako mendi-lasterketa, Txindokiko kilometro bertikala, Zegama-Aizkorri mendi-maratoia, Ehunmiliak, Getaria-Zarautz zeharkaldia, Sakanako triatloia, Zuiako duatloia. Flysh trail. UZ trail. Edozer trail.

Garmin bat dauka eta Sportiva markako oinetakoak. Bikotekidea du gehienetan. Haur bat noizbehinka, bi ere bai batzuetan. Behobia-Donostia lasterketako sailkapeneko zerrendan aurki dezakezue bera eta bere denbora, zuen herriko kiroldegiko muskulazio-gelan ere bai, boulderrean bestela. Ana Malagonen azken liburuko ipuin batean ere agertzen da. Aitorrera igoera. Aitor trail.

Arazo bat da. Pixka bat despistatzen dena, izan ere, Aitor bihurtzen da. Horixe bera gertatu zitzaion Josuri ere. Eskualdeko parrandetan pieza klabe horietako bat zen Josu, baina pandemiaren erruz arrastoa galdu nion pare bat urtez. Goiz batez, ordea, hara non topatzen dudan puzgarri urdinezko helmugatik hurbil orkatilak berotzen Aitor bihurtuta: maillota, kulotak, neska laguna eta besotako haur bat. Aspaldiko, Aitor, esan nion, nahi gabe. Aitorrak egin egiten baitira. Ez jaio. Bertsolarien antzera.

Aitortzen dut bertsotan ongi pasa dugula Aitorrekin. Egur dezente jaso du zortziko txikian, baina bakarkakorako gaia da egiazki. Zer gertatzen da kirola eta generoarekin?  Goi-mailako kirolean ezagun ditugu soldata-arrakala, emakumezko kirolarien sexualizazioa, ikusgarritasun-falta eta beste. Ez naiz hasiko gabarra gora eta behera hemen. Kontrara, denboraz hitz egin nahi nuke.

Parisko Olinpiar Jokoetan lehian arituko diren atleten erdiak izango omen dira emakumezkoak. Zenbakizko parekidetasuna lortuko da historian lehen aldiz. Ez da gutxi. Edo bada gutxi. Arlo profesionaletik kanpoko kirol-jarduerari buruz aritu zen Marusa Gortnar ikertzaile esloveniarra iaz egin zen kirol-arloko genero-berdintasunari buruzko konferentzia batean. Kirola aisialdiko jarduera gisa hartzen badugu, azken hau den aldetik gehienon bizitzetan kirolak duen tokia, gizonezkoek emakumezkoek baino askoz ere denbora gehiago eskaintzen diote kirolari. Emakumeek, aldiz, nabarmen denbora gehiago ematen dute haurren eta zaharren zaintza-lanetan, janaria prestatzen edo garbiketa-lanak egiten. Aitor ez da meme bat. Egitura oso bat da. Sinpatikoa bezain biolentoa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.