Guraizeak hartu, eta Espainiako Gobernuak aspaldi hasitako bideari jarraitzen dio sutsuki; krisi ekonomikoaren aitzakiapean zist-zast: eskubideak, zerbitzu sozialak, herritarron bizi-baldintza duinak, urteetan eginiko borroken lorpenak. Inolako lotsarik gabe eta zigorgabetasun osoz, errudunek errugabeak kondenatzen dituzten antzerki gaizto honetan, emakumeok gainsaria daramagu gure lan eta bizi-baldintzen urraketa prozesu honetan.
Pobreziaren feminizazioa errealitate bat zela salatu genuen Euskal Herriko Mundu Martxako plataformako kideok martxoaren 29an Hego Euskal Herrian eginiko greba orokorrean. Amantalak kalera lelopean, eta beste hainbat aldarrikapenen artean, emakumeok subjektu politiko izatearen beharra jarri genuen mahai gainean, krisi honi aurre egiteko irtenbideetan kontuan hartzen ez bagaituzte ere eraso kapitalista patriarkal honetatik eratortzen diren ondorioak zuzen-zuzenean ordaintzen baititugu.
Finantza sistemaren eta kapitalaren morroi, Zapateroren gobernuak hasitako bideari abiadura handitu dio Raxoirenak. Urte hasieratik muturreko neurriak inposatu dizkigute dekretu bidez eta inolako eztabaida eta parte-hartzerik gabe. Hor ditugu, besteak beste: lan erreforma, hezkuntza eta osasun sisteman eginiko murrizketa latzak ongizate estatuaren hondamendia bilatuz, egungo BEZaren igoera eta Mendekotasun Legean eginiko murrizketak. Azken hori aurrez eskasa zen: emakumeak etxeko lanetan iraunarazi eta ezkutuko enplegua sustatuz eskubiderik gabeko lanetarako emakumeak kontratatzea ekarri zuen (emakume etorkinak proportzio altu batean), baina agerian utzi zuen bizitzaren sostengurako guztiz beharrezkoak diren zaintza lanak. Eta orain, berriz, zist-zast!
Zehazki, azken horretan, Raxoiren gobernuak eginiko aldaketen eraginez: batetik, autonomia erkidegoek askatasuna edukiko dute Mendekotasun Legearen baitan onartutako zaintzaileei aurretik jasotzen zuten laguntza ekonomikoa, gutxienez, %15 murrizteko (400 euroko laguntza ematen zen batez beste). Bestetik, pertsona zaintzaileek, emakumeak batik bat, ez dute gizarte segurantzan kotizatuko. Horrez gain, emakume zaintzaileek menpekotasuna duten pertsonekin bizi beharko dute laguntzak jaso ahal izateko. Eta azkenik, laguntza eskaerak bideratzeko gehienezko tartea sei hilabetetik bi urtera luzatzea onartu dute.
Horrelako neurri murriztaile eta gizagabeen aurrean bertako instituzioei interpelazio zuzena luzatzen diegu horiek aplika ez ditzaten. Kanpotik inposaturiko bidegabekeria neoliberalari ezezko sutsua eman behar zaio bai kalean baina baita erakundeetan ere.
Bestalde, bada, krisi ofizialarekin bat, emakumeoi zuzenean erasotzen digun eskuineko mugimendu kontserbadorearen erasoaldia. Diskurtso, mezu eta politika ezberdinen bitartez, beraien ustezko naturaren mandatuz, emakumeok gure jatorrizko gune eta eginkizunetara bueltatu behar dugu; hau da, etxera eta zaintza lanetara. Hori ere krisiaren aitzakiapean, zist-zast!
Eta hori gutxi balitz, Alberto Ruiz-Gallardon Espainiako Justizia ministroak La Razón egunkariari eskainitako elkarrizketa batean abortuaren legeari aldaketak egingo dizkiola baieztatu du: umekiak kalteak izatea ez dela umedunaldia eteteko irizpide bat izango, alegia.
Neurri hori aurrera joatekotan, egun abortatzeko dauzkagun hiru egoeretatik batdesagertu egingo litzateke. Berriro, hanka-motz zen legeari hanka gehiago moztu nahidizkiote, eta eskubide batdenari, oztopoak eta trabak ezarri. Argi dago, beraz, gure gorputzen gaineko kontrola inposatu nahi dutela inpunitate osoz eta, bide batez, gure erabakitzeko eskubidea deuseztatuz.
Beraz, ezinbestekoa ikusten dugu Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxako Plataformakook erasoaldi kapitalista patriarkalaren aurrean erantzutea, aldarrikapenak jendarteratzea, erreforma eta murrizketei ezezko sendoa ematea eta lanean jarraitzea beste bizitza sistema baten alde, beste harreman eredu batzuen alde, zeinetan bizitza eta pertsonak egongo diren erdigunean, eta ez merkatuak. Eta eraldaketa hori aurrera eraman nahi bada, subjektu politiko feministen aitortza eta parte hartzea ezinbestekoak izango dira.
Zist-zast: gure bizitzen subjektu izateko eskubidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu