Frantziako estatuan abiatu den presidentzarako hauteskunde kanpaina horrek eztabaida eta polemika askoren iturburua bihurtzen ari da. Maiz maila beheko kolpe eta irain ezkutatuak nabaritzen ditugunez gainera, deabru zaharrak arrapiztu nahi dizkigutela badirudi. Ildo makur horri jarraituz, F Guéant Barne ministroak eskuindar talde baten aurrean zibilizazioen arteko hierarkia bat badagoela aldarrikatu eta baieztatu du. Nik bezala, pantailaren aurrean batek baino gehiagok jauzi egin zukeen bere besaulki goxotik. Bi pentsamendu gogoratu zaizkit aldarrikapen horren entzun nuelarik: Alemaniako zibilizazioakerreka zolara joaiten diren latin zibilizazioen jarraipena hartuko zutelakoa lehena eta zibilizazioak hilkorrak gaudela dakigulakoa bigarrena. Lehena Alemaniako naziek zabaldu zuten, 1936. urtean, beren ideologia ezezkorra zabaldu nahian; bigarrena Paul Valery idazle famatu setarrarena da. Ezezkorra naski deritzot lehengoari, Alemaniako zibilizazioa bakarra eta hoberena zela-eta munduaren zati zabal bat katastrofera eta porrotora naziek eraman zutelako. Paul Valeryrena, aldiz, baikorra, zibilizazioek mendeetan zehar denboraldi onak eta txarrak, baita suntsikorrak ere ukan ditzateketela adierazi nahi digulako; kasu honetan naski zibilizazio bakoitzaren eragileek bermatu behar dute beren zibilizazioaren salba eta aurrera eraman dezaten.
Frantziako Larousse hiztegiak zibilizazioa nola definitzen digun begiratzen badugu, hauxe irakurtzen da: «Gizarte edo kultura elkargo koherente bat». Horrela europarra, mendebaldetarra, ekialdetarra, arabiar musulmana eta abar izan daitezke zibilizazioa. Ez da, beraz, nazio edo herri berezi baten ondasuna, baizik eta herri askok dituzten ikur komunak. Euskaldunok eta magiarrak, adibidez, aparteko hizkuntza berezi eta desberdinezjabe izan arren, Europako zibilizaziokoak gara, baina bakoitza ez da berez zibilizazio partikular bat. Era askotakoak dira zibilizazio bat eratzen duten ikurrak: hizkuntza, kultura herrikoia, literatura, sistema politikoak, sinesmeak, arteak eta tekonologiak dira nagusiak.
Orduan, zibilizazioen arteko hierarkia bat eratzeko alderaketen egitea gauza zaila eta torpea dela pentsatzen dut, zeren zein ikurretan eta zein kondairatako garaietan oinarritzen garen kontuan hartu behar baita. Hemeretzi eta hogeigarren mendeetan Europa omen zen zibilizazioaren ardatza, zientzia eta teknologia andana bat kontinente horretan asmatuak izan baitziren. Baina Europaren menpean zeuden herri arabiarrak eta Txina zibilizazio zaharrak zirela ahantzarazten zigun Europako politika kolonialistak.
Deskolonizazioren ondotik, aldiz, zibilizazio horien balioak berreskuratuz gainera, kultur berpizkunde bat gertatu da herri menperatu ohi horietan.
Betirako hatzak uzten dituzten eta belaunaldiz belaundi beren tradizioa komunikatzen dituzten zibilizazioak badaudela ezin da uka, baina bakoitzaren baloreak hobeak edo okerrago direnetz ezin dezakegu baieztatu. Eta zibilizazio bakoitzak bere tabuak baditu, bedi modernoa bedi «arkaikoa». Adibidez, herri musulmanetan emakumeek euren borondatez ala gizarteak behartuak beloa buruan jantzi beharra kritikatzen dugu europarrok. Baina oroit gaitezen duela denbora gutxi Europa katolikoan emazte batek burua estalita elizaratu behar zuela. Orain desagertu da, baina Erromako Sixtoren Kaperan jarraitzen omen du behar horrek.Denboretan zehar zibilizazio bat aldatzen ari den ber, zibilizazio horretan bizi diren gizakien esku eta gogoetan dago tabuen deuseztatzea, baina ez maila altuagoko omen den beste batengandik pairatutako zapalkuntzak edo konplexuek eraginda.
Baina F. Guéantek esandakoa iker dezagun berriz. Haren ustez, goi eta behe mailako zibilizazioak omen daude, hizkuntza onak eta txarrak batzuen ustez omen dauden bezala. Haren aldarrikapenaz irakurriz, sistema politikari eta etnien arteko gatazkari dagokie. Europa eta bereziki frantziar ikuspuntutik egiten du bere alderaketa; bide subjetibo batez, beraz. Baina Europa lehenago eta orain zibilizazio adibide ona izan daiteke ? Diktadura gogorrak izan dira azken mende horretan. Lehenago mendebaldeko goi mailako zibilizazioa mundu guztian ezarri nahian herri asko konkistatu, bestelakatu eta menperatuak izan dira. Europako demokrazietan etnia hitza madarikatua edo debekatua izan arren, kanpotarren aurkako arrazakeria gero eta gogorrago da. Bertako gutxiengoen eta euren hizkuntzen ofizialki ez onartzea sistema politiko zibilizatu baten igalia izaten ahal da? Eta gaur ere Greziaren aurka egiten den sarraski ekonomikoa duintasunez dihardun sistema politiko baten emaitza jo genezakeia? Ez dut uste; denbora txar batean sartu baita Europako zibilizazioa. F Guéantek esandakoari osokaltegarri deritzot. Leku on bat ukanen zuen Vichyko gobernuan, Petain eta Laval ondoan. Horixe nabaritu zuen Antilletako diputatuak kongresuan, eta UMPkoek hemiziklotik zergatik atera ziren uler dezakegu zailtasunik gabe.
Zibilizazioez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu