Zergatik deitzen diozu gizarte gastua, eta ez bonbei dagokien zerga?

2014ko martxoaren 16a
00:00
Entzun
Zinismo politikoa enegarren potentziara goratua behar du izan ministro batek —hileko soldata gutxienekoa 645 euroan izoztu duen, pentsioen diru bereiziak zorra ordaintzeko arpilatu dituen, eta osasun eta hezkuntza publikoko zerbitzu oinarrizkoak murriztu dituen gobernu horrexetako kidea izaki— adierazteko egunotan Aireko Armadak Bardeako tiro eremuan egindako maniobrek eragin dituzten gastu itzelezkoak «beste gizarte gastu bat» direla. Sanchicorrota edo Bardean bizi izandako beste edozein bidelapur sonatuk entzungo baliote, berriro hilko lirateke, baina barrez itota. Morenes jauna iparra galduta dabil halakoak adierazteko.

Esaguzu, ministro jauna, zer kopuru «neurritsu» eragiten dute, besteak beste, ekipamendu militar guztiak lekuz aldatzeak, haiek erosteak, armak probatzeak eta horren kostuak, bidaiek, bizigaiek, dietek. Batu itzazu guztiak, ministro jauna, eta estreinatu ezazu gardentasun lege berria, eta erakuts iezaguzu ez dela komuneko papera. Oraingoz, eta oraingoan, maniobra militar horien edozein informazio arrasto ere ezabatu duzue aurrez zuen web orritik. Aurrekoetan agertu izan dituzuen datu banaka horietakorik ere ez, hegazkin eta ekipamendu militarren nondik norakoei eta izendapenei buruzkorik. Ezertxo ere ez. Hitzik ez. Aski baita bonben mintzoa. Bardeak edozer jasan dezake eta. Hirurogeita hiru urtean tiro eta bonbardaketa eremua izateak zerbaitetarako balio beharko du, alegia, ortziko beste osagai batzuk balira bezala hartzeko Phantom, Harrier eta zeruan barrena bistaratzen zaizkigun gainerako hegazkin militar horiek.

Bai, egia da, tiro eremua hor zegoela jaiotakoak gara asko. Hala ere, Bardeako tiro eremurik gabe hiltzeko asmoa dugu askok, ministro jauna, eta, horrexegatik, aurten ere, Tiro Eremuaren Kontrako Asanbleak tiro eremuaren kontrako beste martxa bat antolatuko du.

Zure aurretik, beste batzuk izan dira. Nahiz eta inor ez den ausartu gizarte gastutzat jotzera Bardeako entrenamendu militarretan lurperatzen den dirua, instalazio militar horrek dakarzkigun onurez konbentzitzen ahalegindu zarete guzti-guztiok modu hipokritan; baina ez zaitezte engaina, ez gara tontoak. Litekeena da behar bezainbat ez mobilizatu izana, Anchurasen bezala tiro eremua arbuiatzeraino; aitzitik, behar bezainbat mobilizatu gara, Bardeako jauregitxoko zikoitzei errenta igoarazteraino. Litekeena da oraindik ere ez agertu izana behar bezainbesteko indarrik, Bardea gobernatzen dutenak —ordezkari politiko eta monjeak ere barne— isilarazteko darabiltzaten euroek bezainbestekorik.

Egia da, baina zaude ziur, jakin badakigu Europan inortxok ere ez duela nahi izan halako tiro eta bonbardaketa eremurik norbere etxe ondoan. Eta ez diguzue inolako oparirik egiten zuen suzko hegaztien eta haiek dakartzaten arma hilgarrien eta bonbardaketen arriskupean jarrarazita etengabe. Jakin badakigu, halaber, gure zergekin bakarrik ez zabiltzatela gerrari, baizik eta gerragintzan ere bazabiltzatela.

Baina, behintzat, Morenes jauna, ez esan gezurrik Bardeako tiro eremuaz ari zarelarik. Eman datuak, zifrak. Irten zaitez obskurantismotik. Eta ez iezaiozu gizarte gastu deitu bonbei dagokien zerga deitu beharrean. Sudurra handituko zaizu bestela.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.