Zain dezagun euskararen birika

Zigor Etxeburua, Maren Belastegi
2012ko ekainaren 2a
00:00
Entzun
Lehen, Amazonia munduaren birika omen zen. Zergatik? Munduko oxigeno sortzaile nagusia zelako —eta, beraz, CO isuriak orekatzen zituelako nolabait— eta bizitza bere aberastasun eta oparotasun osoaz garatzen zelako bertan. Ameriketako oihana gure planetaren arnasgunea zen, denok babestu eta zaindu beharrekoa. Zoritxarrez, Amazonia gero eta okerrago dago: pertsonen esku-hartzea eta inposizioa gero eta handiagoa da, kaltea ere gero eta handiagoa, eta gaur egun «birika» funtzioa betetzen duen ere zalantzagarria da. Ez dago esan beharrik «birika» gaizki badago are okerrago dagoela gorputz osoa: gure mundua, alegia.

Paralelismoak balio du euskararen egoera azaltzeko. Euskara ez dago guztiz garatuta bere lurraldean (gorputzean), eta euskaldunon nahia da gorputz osasuntsua izatea, euskaraz biziko dena. Baina ezin dugu euskara guztiz euskaraz bizi, oraindik. Mendekotasun egoeran dauden euskararen moduko hizkuntzek ere, gure planetak bezala, arnasguneak behar dituzte, beren funtzio guztiak mugarik gabe betetzeko lekuak. Lana, familia bizimodua, lagunartekoa, administrazioarekiko harremana… hizkuntza horretan garatzeko aukera ematen duten lekuak. Oxigenatze tokiak dira, gutxitutako hizkuntzak inposizio eta mendekotasunik gabe, askatasunez garatzea ahalbidetzen dutelako.

Euskarak ere arnasguneak behar ditu. Eusko Jaurlaritzak berak nabarmentzen du hizkuntza batek, garatuko bada, bera nagusia den esparruak behar dituela: «Arnasgune horiek zaindu, sortu eta, ahal balitz, hedatu ezean, alferrik izango da, seguruenera, gainerako ahalegin oro. Horrenbestez, lehentasunezko trataera garbia eman beharko zaie euskararen arnasguneei XXI. mende hasierako hizkuntza politikan».

Euskarak eta euskaldunok arnasguneak behar ditugu, beraz. Eta izan baditugu: euskaldun kopuru handia duten herriak eta auzoak, euskaraz egunero normaltasunez eta naturaltasunez bizi direnak. Haietan euskarak edozein hizkuntzak bete beharko lituzkeen funtzioak betetzen ditu. Herri horietako asko Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean daude: 60 dira, guztira. Uemak hiru helburu ditu: udalerri euskaldunetan herritarrek egiten duten bizitza sozial guztia, publikoa zein pribatua, euskaraz izan dadin bideak urratzea; udalerri euskaldun guztiek bat eginik, euskara nagusi izango den lur-gunea osatzea, eta udalerri euskaldunen garapen sozioekonomikoa eta soziokulturala bultzatzea. Uema funtsezko egitura da euskararen arnasguneentzat eta, beraz, euskaldunontzat. Nahitaezko tresna da euskararen normalizazioan, lagundu eta sustatu beharrekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Uemak lankidetza hitzarmena sinatu berri dute. Helburuak: elkarlan harremana sendotzea eta, euskaldun kopurua handia duten herriak babesteari begira, foru arau egitasmo bat zehaztea. Izan ere, instituzioen proiektuek eragina dute herri euskaldunetako euskararen egoeran, eta eragin hori neurtzeko tresna sortu eta balizko kalteak murrizteko neurri zuzentzaileak proposatuko dituen foru arau bat behar dugu. Datozen hilabeteetan urratsak egingo ditugu norabide horretan. Lehentasunezkoa baita udalerri euskaldunak babestea, bizimodu euskaldunari eustea.

Uemak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak elkarrekin lanean jarraitzeko asmoa dugu. Bide horretatik, bi erakundeok dei egin nahi diegu herritar guztiei ekainaren 9an Goizuetako Uema Egunera etor daitezen, eta igande honetan bertan, ekainak 3, Eskola Txikien Festan parte har dezaten Larraulen, eskola txikiek ere garrantzi handia dute-eta herri euskaldunek euskaldunak izaten jarrai dezaten.

Munduaren birika gaixotzen bada, mundu osoa gaixotuko da. Babestu eta zaindu behar dugu. Euskaraz bizi diren udalerriak onuragarriak dira gure hirientzat, eta Euskal Herri osoarentzat ere bai, euskara hain zabalduta ez dagoen tokientzat eredu eta arnasa direlako. Beraz, babestu eta zaindu ditzagun, euskara euskaraz bizitzen jarraitzeko, osasuntsu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.