Gure herri txikian Urte barri ekarri kantatzen da etxerik etxe urte amaieran. Zaharretik berrira iragaite hori ez da kronologikoa kantarien asmoetan, denbora joate hutsak ez baitu ezer berritzen. Aldaketa eta hobekuntza nahia da kantariek adierazi nahi dutena. Zaharrak utzi eta berriak ekarri. Berrikuntza garaietan bizi garela esan nahi dut. Krisia bai, baina batez ere aukera berriak ditugu aurrean, egunaren bueltan. Ausartu behar horiek gurera ekartzen. Benetako auzolana, Euskal Herria nazio moduan antolatzeko aukera erreala dugu une honetan esku artean. Azkenaldian eman ditugun urratsek asko ekarri digute eta aurrera bidea dagoeneko ikusi egiten da, ez lehenago bezala irudikatu. Orain ibiliaz ari gara nazioaren osaketa errealitate bihurtzen. Orain amaitzen dugun urteak garaipenetik ekarri du gehienbat, ausardiaz eta erabakitasunez aldatu dugu hainbat arlotan errealitatea, kolore berriz margotu dugu euskaldunon eguneroko bizitza. Garaitutik baino garaile izatetik heldu zaigu animo beldurgabe ausart hau, irabaztera doanaren irribarre hau. Ekarriko dugu Euskal Herria, nazio librea, datozen urte berrietan. Zaharretik irtengo gara kosta ahala kosta .
Kosta egingo baitzaigu, zalantzarik gabe, zaharretik irtetea. Badirelako zaharrean irautea nahiago dutenak. Urte zahar honen azken egunotan izan dugu horren adibidea, Kutxabank kasuan. Urtean zehar izandako berrikuntza sakonen fruitu izan zen, aurtengo udan, garai berrietara seinalatzen zuen akordio mardula, lau hanka gainean eraikitako adostasuna, edukiagatik garrantzia zuena baina, batez ere, oinarrizko adostasunen gainean finkatzen den kultura berria suposatzen duelako. Era honetako kultura da, hain zuzen ere, nazioaren funtsa eratzeko baldintza egokia. Baina neguak hodei ilunak ekarri dizkio gainera: EAJ eta PP elkartu dira, modu oso sintomatikoan, kimu berri hori izoztu nahian. Zergatik eta zertarako?, horra hor galderak.
Erantzun bat eskaintzen saiatuko naiz. Berriaren aurrean zorabioa edo bertigoa sentitzen dutenen konplexua dago kasu horren oinarrian. EAJren buruzagitzak sentitu duen sindromea: euskal nazioa antolatzeko bide zehatz horretan sartzeak, zalantzarik gabe, garai zaharretako zenbait usadio eta jarrera aldatzea dakar. Arrisku bezala interpretatu dute aldaketa, eta atzerapausoa eman dute, nahiz eta horretarako PPren eskutik joan beharra izan. Hori horrela gertatu dela ziurtatzen da EAJko buruzagiek esandakoa entzunda: «hogei kargutik hemeretzi geureak izateko eskubidea geneukan», batek. Eskubidea? Hogeitik hemeretzi? Nork edo zerk emandako eskubidea? Garai zaharretako pribilegioak utzi nahi ez. Gehiengo absolutua nahi duela EAJk, «bankuaren egonkortasuna bermatzeko», beste buruzagi batek. EAJ da horren berme esklusiboa? Edo bere botere esklusiboa bermatu nahi du horrela?
Ez da jokabide berria EAJren oraingo buruzagiek agertu duten hori. Herri honen historiaren hainbat pasartetan antzeko jokabidea agertu izan duten botere-talde oligarkiko desberdinekin parekatzen da: Euskal Herriak bere nazio-antolaketan urrats sendo eta konprometitua emateko trantzea bizi duenean, EAJko buruzagitzak ondorio demokratikoez izutu eta «gehiengo absolutu propioa» finkatzera jotzen du, jainkoaren ala deabruaren laguntzaz, berdin dio.
Gure historian izan diren era horretako jokabide oligarkikoen ondorio tamalgarria, orain arte, zera izan da: Euskal Herriak ezin izan duela bere naziotasuna modu demokratikoan burutu, ez digutela utzi bakean eta demokrazian nazio beregaina antolatzen. Baina hau orain arte horrela gertatu bada ere, orain dator, aldiz, berrikuntzarako aukera ezin hobea. Orain euskal nazioaren antolaketa ez baita bakarrik programa edo asmo politikoa. Orain gorpuzten ari da aliantza politikoetan, (Bildu, Amaiur, EH Bai…), itun demokratikoetan (Gernika,..), instituzioetan (Gipuzkoako Aldundia, herrialde guztietako udal ugari...), nazioarteko urratsetan (Bruselako adierazpena, Aieteko Bake Konferentzia...), Euskal Herria bere osotasunean agertuz, muga inposatuen gainetik.
Bake prozesu demokratikoaren iniziatiba euskal herritarron eskuetan eta borondateetan dago gaur, eta urrats ugari eman ditugu zentzu horretan, denbora epe laburrean. Iniziatiba hori goraka doala ikusten da, eta Bilbon urtarrilaren 7an osatuko dugun mega-manifestazioak preso eta atzerriratuen etxeratzea hurbilduko digu, zalantzarik gabe. Urte berriaren seinaleetariko bat.
Euskal nazioaren antolaketa bide horretan, bada motorra gripatzen saiatuko denik, eta horretarako erabiliko den beste faktore bat krisi ekonomikoa izango da, zalantzarik gabe. Goitik beherako agindu neolibelarak erortzen ari zaizkigu, txingorra baino mingarriago, geure buruen gainera. Raxoiren edo Sarkozyren gobernuek Europaren aginduen aitzakiapean ezarri nahi dizkigute murriztapenak, eta dagoeneko pentsatzekoa da etxe barruan ere laguntzaileren bat aurkituko dutela, zerbaiten truke, horretan laguntzeko prest dagoena. Lanaren eta giza-ekonomiaren eremuetan, geure herriak jadanik garatu dituen kulturarik emankorrenak eta berritzaileenak indartu behar ditugu eraso horiei aurre egin eta, batez ere, jendarteko eredu aurrerazale eta etorkizunekoak garatzeko. Gehiengo sindikal eta sozial zabala egon badago gaurko Euskal Herria nazio demokratiko aurreratu eta berritzaile gisa mundura ekartzeko indar printzipaletakoa izan daitekeena. Ahaletik izatera eraman behar dugu Euskal Herria nazio beregaina datozen urte berrietan. Bedi gaurko hau urte berri berrien lehen eguna.
Zaharretik berrira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu