Pako Aristi

'Vasco' unibertsalak ez dira asko

2012ko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Azkena Jabier Muguruzarekin gertatu zait. Duela hilabete gutxi Espainiako irrati publikoan elkarrizketatu zuten, eta sarreran esan zuen esatariak: «Jabier Muguruza, euskaldun unibertsal bat». Eta nire barruan gauza arraroek eragiten duten alarma txiki horrek txirrina jo zuen. Ez da lehen aldia. Lehendik ere entzun dut maiz Espainiako hedabideetan, euskal idazle, margolari, kantari, sukaldari… gure artistei buruz, alegia.

Halere, ez ditut artista horiek kritikatu nahi: kuttun-maiteak ditut, herri batentzat ondare garrantzitsua diren momentutik, kultura bizirik dagoen froga. Eta, artistaren bizitza ezagututa, ezohiko bideetan apustu existentzial arriskutsua egin duena, ausardiaren meritua aitortu baino ezin diet egin.

Baina bai: Madrilen ematen dituzte vasco unibertsalaren karnetak, ziur aski «munduko hiritarren» karnetak ematen dituzten leku berean; eta monolingue egosgor batek jarriko dizu zigilua. Oso arraroa da: hasieran ez zara existitzen haientzat, ez zara haien hedabideetan agertzen, ez da gehigarri kulturalik zure belaunaldiari buruz, nahiz eta haien nazioaren zati garela dioten, haien identitatearen muin.

Gero, miraria: deskubritzen zaituzte. Une horretan, nago, pentsatzen hasiko direla: morroi hau gonbidatuko al dugu gure programara? Ez ote zaigu hasiko proklama soberanista edo aspaldiko inbasioen letania gogaikarriarekin?

Une horretan, guri hizkuntza politikatik urruntzeko aholkatzen digutenek, lupa politikoa ezarriko diote zure kultur lanari, munduko nazio guztiek betidanik dakitena berretsiz: kultura, hizkuntza lan politiko serio bat dela. Ikusten ditut hautagaiaren abertzaletasun graduak neurtzen, marra gorria pasa ez dezan otoitzean: azken batean, aurkikuntza kreatibo baten meritua irabazi nahi izaten dute eurentzat.

Harreman pertsonalen enpatiak ere zeresan handia du kontu hauetan, baina norbait ezagutzeko lehenengo gogoa eduki behar da, eta aurreiritzi politikoek gogo hori blokeatzen dute behin eta berriz. Izan ere, kalitate handiko obrak eta autoreak ditugu euskal sormenaren esparruan, baina gutxi dira aukeratuak. Eurek «aukeratu» egiten baitute, gu «aukeratuak» garen bitartean. Horra aditz arrunt bat gure menpekotasun endemikoaren adierazle bihurtua. Gero, sortzaile bakoitzak zer lan egiten duen bere figura parametro horietan kokatzeko, kontu pertsonala da; ez naiz inor lezioak ematen hasteko.

Oso kuriosoa da hau dena, zeren eta gu abertzale txikiak izatea exijitzen diguten herri hauetan alderantziz gertatzen baita: nazioaren alde sarraskirik eta konkistarik latzenak egindakoak dira pertsonarik unibertsalenak; alegia, garaian garaiko nazionalistarik handienak dituzu eredu unibertsal bihurtuak, erregeen margolariak, nazioaren gainbehera kantatu zuten poetak ea.

Egin dezagun alderaketa metaforiko bat. Espainiako telebista publikoan esan zuten Kirmen Uriberi buruz: «Arrakasta izan du, bere poemak irakurtzen, Bilbon, Madrilen eta New Yorken». Nik arrakasta izan dut, nire poemak irakurtzen, Bilbon, Granollersen (Katalunia) eta Rosarion (Argentina). Baina horrek ez du funtzionatzen esatari baten ahotan,ezta?

Egin dezagun aproba nazioartean. Adibidez, Patrick Modiano idazle frantsesarekin. «Patrick Modiano unibertsala da arrakasta izan duelako Parisen, Madrilen eta New Yorken». Zerbaitek kra egiten du. Beste etsenplu bat, adibidez, Errusiako Ballet nazionalarekin: «Errusiako balleta unibertsala da arrakasta izan duelako Moskun, Madrilen eta New Yorken». Kra berriro ere, soberan dagoen «Madril»horregatik; Madril ez baita hiri garrantzitsua unibertsaltasunaren bidean, guretzat ezinbesteko bide-saria bihurtu den bitartean.

New York-ek ere zalantzak sortzen dizkit. Zer da NY, gure unibertsaltasunaren froga azkena, ala akonplexatuaren sendagaia, hala nola iheltseroak Mercedes bat erosten duen, bere klase-konplexua estaliz, itxuraz bada ere enpresarioaren pare sentitzeko? Zer da NY, sormen-garapenaren gune interesgarri bat ala gero hemen salduko den distira baten eroslekua?

Kontua da badela beste artista eredu bat: beren herria suspertu zutenak, independentzia politikoari sostengua eman ziotenak, euren izenaren pisu sozio-politikoa independentzia horren alde jarri zutenak, aurrez jakin gabe jokaldia nola aterako zen. Williams Butler Yeats-en biografia guztietan irakurriko duzue, poeta eta narratzaile aparta izateaz gain, Nobel saria jaso zuela, eta «Irlandako independentziaren defendatzaile sutsua» izan zela. Hala adierazi zuen berak: «Sari honen ohorea ez da hainbeste niretzat, baizik eta, Irlandako literaturaren ordezkari naizen unetik, errekonozimendu hau Europak gure estatu libreari eskaintzen dion ongietorria da».

Irlanda, Finlandia, Islandia, edo Israel dira independentzia lortu eta gutxira Literatura Nobel saria jasotako herrialde batzuk. Estaturik gabeko nazioetan behin bakarrik eman da saria, 1913an Rabindranath Tagorek jaso zuena, kolonia zen India hartan. Eta estaturik gabeko hizkuntza bati, hizkuntza gutxitu bati ere behin bakarrik eman zaio: 1904an Frédéric Mistralek jaso zuena, okzitanieraz idazteagatik, Frantziaren patrikarako. Geroztik estaturik gabeko nazioak ehun urteko bakardadean galduta daude.

Euskal idazle bat izan liteke Nobel sariduna gaur egun? Bai, Euskal Herriak independentzia lortzen duenean. Estaturik gabe ez zara existitzen munduko unibertsaltasunaren kultura handian; ez, behintzat, zure nazioaren izenean. «Eduardo Chillida Juantegui fue un escultor español», dio wikipediak lehen lerroan.

Herri batek, bere ahalmen exekutibo eta sinbolikoen artean, eduki behar luke bere figura erreferentzialak, bere kume unibertsalak izendatzeko gaitasuna, baina gureak ez du eskuratu oraino. Ni ez naute basko unibertsal izateko aukeratu. Kontua da hobeto sentitzen naizela horrela, gure herriaren dinamika autonomoetatik kanpo kokatzen diren parafernalia sinbolikoetatiklibre.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.