Hainbat erakundek azken asteotan uholde arriskuaren ebaluazio eta kudeaketaren inguruko lehenengo agiria onartu dute, 2007ko Europar Zuzentarauak eskatutakoari erantzunez. Halabeharrak hala nahi izanda, onarpen hori eta Euskadik azken 25 urteotan jasan duen uholde handienetakoa, iragan azaroaren 5-6ko asteburuan batez ere Gipuzkoako ekialdeari eraso ziona alegia, bateratsu gertatu ziren.
Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluazioa edo UAAE izeneko lehenengo agiri horrek uholdeak izateko arrisku handiena duten eremuak zehazten ditu. Hau da, uholdeak jasateko arrisku handiena duten lurraldeak eta, horrez gain, kalte handienak izan ditzaketenak pertsona, ondasun eta azpiegituretan. UAAE lan horretan hainbat erakundek hartu dute parte. Elkarlanean jardun dute Eusko Jaurlaritzako Uraren Euskal Agentziak —URA— (Ingurumen, Lurralde Plangintza, Nekazaritza eta Arrantza Saila) eta Larrialdi eta Meteorologia Zuzendaritzak (Herrizaingo Saila). Administrazio zentraletik Kantauriko eta Ebroko Konfederazioek ere parte hartu dute. Agiria jendaurrean jarri zen eta ondoren dagokien erakundeen gobernu-organoek ere euren oniritzia agertuzuten.
Uholde Arriskuaren Atariko Ebaluazio lan horrek gure lurraldean uholde arriskua nabaria dela agerian utzi du. Bertan, arrisku handiena duten EAEko 100 eremu zehaztu dira, batez ere Kantauri isurialdean kokatuak. 100 eremu horiek ez dira uholdeen kalteak izan ditzaketen bakarrak, baina bai kalterik handienak jasan ditzaketenak. 2013 urtea bukatu baino lehen arrisku-mapak egin behar dira, orain egindako lanean sakonduz eta 2015a baino lehen uholde-arriskua kudeatzeko planak onetsi beharko dira: ibilbide-orria finkatuz, kaltetuak izateko arrisku handiena duten eremuetan arriskua murritz dadin.
Azken urteotan, eta hurrengoetan ere halaxe beharko, uholdeen prebentzio politika hiru zutabetan oinarritu beharra dago eta, aldez aurretik onartuta ere uholdeak izango direla, saihestezin izango zaizkigula, baina, murriztu, behintzat, egin ahalko ditugula gizartean eragiten dituzten kalteak. Ezin bazter utzi, gainera, klimaren aldaketak direla medio, horrelako fenomenoak bihar-etzi areagotuko ez diren. Kontu serioegiak ditugu aintzat ez hartzeko.
Lehendabizi eta premiaz, jadanik ugari ditugun eremu arriskutsuak ez ugaritzen saiatu behar dugu, aspalditik horretan ari garen bezala. Hiri asentamendu zein azpiegitura berriak eremu ziurretan kokatu behar dira. Eta, horretarako, ezinbestekoa da ibai eta estuarioei luze-zabal heda daitezen beharrezko duten eremua ematea eta dagokien eremuetan elementurik ez kokatzea; aldiro-aldiro, erakutsi bezala, bere egiten baitute. Kontrakoa naturari erronka jotzea da eta jakin badakigu horrelakoetan luzera begira galtzaile izango garela.
Bigarrenik, larrialdien arretan sakondu beharra dago. Gaur-gaurkoz ez dago zero arriskua bermatzerik. Denbora luzez uholdeen ondorioak jasan egin beharko ditugu eta baliabiderik onenak behar ditugu ondorio negatiboak ahalik eta txikien izan daitezen. Oraintsu prentsa artikulu batean Herrizaingo sailburuordeak hiru lan-ildo aipatuz halaxe azaldu zuen: alerta goiztiarra (aurreikuspena, eguraldiarena ez ezik, ibaienbenetako erantzunarena ere bai), erabakiak hartzeko laguntza sistemak (denbora errealeko zaintza) eta erantzun operatiboetan hobetzea. Horrez gain, ezin ahaztu urtegien kudeaketa egokia. Esaterako, azken urteotan Zadorra ibaian egin diren ekintzak edota Añarbeko Urak azken uholdeotan egindakoak, Añarbe urtegian 8 milioi metro kubikori eutsiz kalteak ezbairik gabe txikiagoak izatea ekarri zutenak Urumearen behe arroan.
Hirugarrenik, beharrezko lanak egin behar ditugu berriki urbanizatutako guneetan eta eragin handienak aurreikusten direnetan uholde arriskuak murrizte aldera. Izatez lan konplexuak izan ohi dira eta administrazio ezberdinen kooperazioa eta lankidetza, toki erakundeetatik hasi eta estatu mailakoetarainokoenak, beharrezkotzat jotzen dira. Uraren Euskal Agentzian, beste erakundeekin batera, lehentasunezko 30 proiektuetan dihardugu lanean. Horiek guztiak aurrera eramateak milioi asko eta hirigintza egokitze mingarriak eskatuko ditu; besteak beste, etxe eta pabiloi industrialak hustu beharra. Errealistak izanik, 10 urte gutxienez joango zaizkigu garrantzi handieneko 30 proiektu horiek gauzatzeko, eta atzetik ere besterik etorriko da.
Uholdeen prebentzioa da Euskadiko uraren administrazioak aurrez aurre duen erronka nagusia, eta, horretarako, administrazio guztien eta gizartearen beraren bat egitea eta elkarlana ezinbesteko dira. Ziur naiz bide zuzenetik goazela eta, aurretik bide luzea egiteko badugu ere, lortu lortuko dugula.
Uholde arriskuaren aurrean, prebentzioa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu