Txelui Morenori

Rafa Caride Ibon Etxezarreta
2012ko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Info 7 irratitik zuk egin zenigun deiari erantzutera gatozkizu. Guk eman ditugun eta ematen ari garen pausoak direla eta, zuk diozu estatuko gobernuak gu erabiltzen gaituela. Horren aurrean honako hau adierazi nahi dizugu:

Guk, zuk ordezkatzen duzun ezker abertzaleak eman dituen pauso berberak eman ditugu. Hau da: ETA eta aldikako «Mugarrilariengandik» urrundu, eta bide politiko eta demokratiko hutsen erabilera soilaren aldeko apustua egin dugu. Zuek, Alderdien Legeak ezarritako baldintza guztiak onartu dituzue, eta ETAk, hutsaren truke, borroka armatua utz dezan ahaleginak eta bi, zuen eskuetan dagoen guztia, egin duzue, inolako negoziazio prozesurik eman gabe eta 700 preso barruan utzita. Hitz batez: alde bakarreko pausoak emanda.

Halere, eman dituzuen pausoak eman eta gero, guri ez zaigu inoiz burutik pasatu zuek «poltronerotzat» edo «traidoretzat» jotzea, Rubalcabak «votos o bombas» aukeraren aurrean botoen aldeko apustua egin zenutelako. Ez ginen deskalifikazioetan erori, eta ez gara eroriko. Batik bat, eman dituzuen pausoak aitzina eman beharreko pausoak zirelako.

Baina, zuk ondotxo ezagutzen dituzu alde bakarreko urratsak jorratzeagatik deskalifikatu zaituztenak. Halere, jende horren aurrean isilik edo mutu darraizu. Agian, batasunaren irudia eman nahi duzulako izango da. Aldiz, ez duzu arazorik izan gu «erabiliak» garela esateko orduan. Zer bilatzen duzu? Zuek kritikatzen ibili direnen txaloak?

Hemendik, gauden tokitik, gutun honen bitartez, Gernikako Akordioa irakurtzeko gonbita egiten dizugu, zeren eta geure egiten darraigu hasiera-hasieratik. Batez ere, presooi dagozkigun puntuak ahaztu samar dituzula baitirudi. Zuk ordezkatzen duzun ezker abertzaleak sinatu du Akordio hori, eta, beste gauza batzuen artean, honako hau dio: «Legeak ezarritakoak beteak dituzten zigortutako preso guztiei baldintzapeko askatasuna ematea» eta «Legeak jasotzen dituen espetxe-onurak aplikatzea, murrizketarik eta arbitrariotasunik gabe».

Baina, preso batek Gernikako Akordioak dioen bezala, betebehar legal guztiak bere egin eta espetxe onurak eskatzen baditu, berehala hasten dira, «betikoak», «gobernuak erabili egiten gaituela» esaten. Eta, gainera, zuek, jokoa egiten diozue, aferak zuekin zerikusirik edukiko ez balu bezala. Noiz arte jarraitu behar duzue moral bikoitz horrekin jolasten? Noiz arte gauza bat sinatu eta beste bat esaten?

Orain arte, preso eta errefuxiatuoi dagokigunez, honako aukeran sinistu izan da: Preso eta errefuxiatu guztiak, gatazkak eragindako zergati guztiak konponduko dituen akordio hipotetiko orokor batean eta hau iritsi bitartean, zain jarraitzea.

Gure iritziz, aukerarik hoberena honako hau litzateke: borroka armatua utzi, egoera honetara zelako baldintzetan iritsi garen onartu, iraganari buruzko gogoeta kritikoa egin, egindako mina onartu eta elkarbizitza berri baten aldeko urrats zehatzak egitea. Horretarako, geuri dagokigun erantzukizuna onartu, eta eragindako zauriak gainditzen lagundu. Gure ustez, ez genuke zertan itxaroten jarraitu besteek beraien erantzukizunak onartu arte.

Beraz, nahi duzun bezala izenda dezakezu: «Langraizeko bidea» edo «Gernikako Akordioa», biek, bide bera jorratzen baitute presooi dagokigunez. Gainera, zuk ondo baino hobeto dakizu Gernikako Akordioko balioak eta edukia osorik onartuta, preso ugari espetxetik irtenda liratekeela jada. Errefuxiatu askok legalki etxera itzultzea lukeela, dituzten kausak amaituak dituztelako. Eta gainerakoentzat ere mesedegarri izango litzatekeela. Gizarteari begira, berriz, onura ekarriko lukeela, arazo politikoak talde politikoen artean konpontzea erraztuz. Hau guztia, «korapiloa» askatzen hasteko egin beharrekoa dela iruditzen zaigu. Ondo dakizunez, ez da erraza izango. Beraz, bidea zabaltzen hasi beharko da, presoen eta senideen egoera gizarteratzearekin batera.

Egoera berriari dagozkion premiazko konponbideak plazaratzeari ekin behar zaio behingoz. Presoei buruz batzuek erabilitako formula eta diskurtso zaharkituak atzean utziz, ezen eta arazoa betikoan jarraitzeko besterik ez baitute balio. Politika egiteko orduan izan duzuen zentzu bera presoekin ere izan daiteke, eta presoei atxikitzen ohituta gauden erresistentzia-ikurraren iruditik haratago begiratzen hasi beharra dago.

Nahiz eta Joxean Agirrek begi onez ikusiko zuen Pat Magee IRAko militante ohiaren eta Jo Berry IRAko biktimaren arteko testigantza konpartitua, Irlandan zauriak itxi eta elkarbizitza berri baten aldeko apustua egin zutenean, gurekin deskalifikaziora jo du Gara-ko artikulu batean. Ematen ari garen pausoak «terapias de grupo con objetivos de beneficios inmediatos» kalifikatuz. Eta hori, Irlandan bezala, pausoak ematen saiatzen ari garenean! Dena den, aurrera begira, guk badakigu konpromisoz eta erantzukizunez gabiltzala bide hau jorratzen.

Bukatzeko, Txelui, gure konpromisoa Bake Prozesuan erabilpentzat jotzen baduzu, zera diotsugu: nahiz eta guretzat koste pertsonal bilakatu, jakin ezazu pozik gaudela egiten ari garenarekin.

Adeitasunez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.