Zinegileen egiazko borroka ez daindustriaren eta kritikarien aurka, publikoaren indiferentziarenaurka baizik.
François Truffaut
Bost zinegile gara. Adin eta jatorri ezberdinekoak. Baita ibilbide ezberdinekoak ere, duela kasik hiru urte proiektu komun baten baitan elkartzea erabaki genuen arte.
Oraingoak baino sasoi ilunagoak bizi genituen orduan. Hala ere, hodeiertzaren urruntasunean, esperantza izpi batzuk begiztatzen hasten ziren ordurako, eta, bide horretan, bakoitzak zekiena eginez lagundu behar zuelakoan, gu, geure harritxoa jarri nahian, egiten genekienari lotu gintzaizkion: zinemari.
Elkar ulertzeko lehen pausoa elkar ezagutzea dela konbentzituta geunden. Horregatik, halakorik inork jorratu gabeko gaia baitzen, euskal presoei buruzko film bat egitea erabaki genuen. Politikaren gorabeherak alde batera utzita, pertsonak erakutsiko zituen film bat. Pertsonen bizipenak, ametsak, beldurrak eta kontraesanak. Barrura begiratzeko leihoak jarri genion izena.
Geroztik gauza asko gertatu dira. Zorionez, Euskal Herriko zeruan ostarteak ugaldu dira, nabarmen. Baina, presoen gaiak gero eta gaurkotasun handiagoa zuen arren, filma egiteko bidean ugari izan ditugu oztopoak. Pauso bakoitzeko oztopo bat.
Hasteko, erakunde gehienek diru-laguntzen ateak itxi zizkioten ekoiztetxeari. Ondoren, grabaketetan, hainbat baimen ukatu zizkiguten, eta poliziaren urratsak gure atzean sentitu genituen behin baino gehiagotan.
Ekaitz gogorrena, ordea, filma bukatzen ari zelarik gertatu zen. Donostiako Udalak emandako diru-laguntza baten harira, zenbait komunikabidek eta euskal alderdi politiko batzuek kanpaina delirante bat jarri zuten martxan, Bildu «terrorismoa goratzen» zuen film bat laguntzeaz akusatuz. Filma inork ikusi ez zuenean!!! Hainbat astez, alderdi politiko haiei, filma ekoizten duen Zinez elkarteak bilerak eskatu zizkien, publikoki eta pribatuan, gure asmoak zeintzuk ziren azaltzeko. Ez zuten inoiz erantzun. Eta, handik denbora gutxira, Espainiako Barne ministroa batu zen saltsara, inork ikusi ez zuen film hura lagunduz gero, Bildu legez kanpo utziko zutela mehatxu eginez.
Kultura babesteagatik inor kaltetua izan ez zedin, Zinez-ek diru-laguntza guztiei uko egin zien, eta ondoren etorri zen film hau egiten ari ginela gertatutako gauzarik politena: bi astean, diru-laguntzei uko eginez galdutako diru guztia errekuperatu zen, milaka euskal herritarrek egindako ekarpen eskuzabalei esker.
Ministroaren eta komunikabideen eraso neurrigabe hark, ordea, kalte konponezina egin zion artean sortu gabea zen filmari. Batetik, etiketa bat ezarri ziolako, hainbat ikusle potentzialengan aurreiritzi injustuak sortuz. Bestetik —eta hau da okerrena—, mehatxuak beldurra barreiatu zuelako gizartean. Edozein zela modua, filma sustengatzeko beldurra. Zer gerta ere.
Logika horren barnean ulertzen dugu Donostiako Zinemaldiaren hautaketa batzordeak Barrura Begiratzeko Leihoak baztertzeko erabakia. Aurrekariak ikusita, garbi dago filma hautatzea ez zela erraza, dudarik gabe, presio handiak egongo zirelako eta Zinemaldiaren sostengu ekonomikoaren parte handi bat Espainiatik datorrelako. Zentzu horretan, gure ustez, hautaketa batzordeari egungo garaiak eskatzen duen heldutasuna faltatu zaio.
Euskal presoen sentimenduak eta bizipenak tabua dira oraindik espainiar estatuan, debekatua dago «terroristak» pertsona gisa agerraraztea, eta Zinemaldiak ez du tabu hori apurtzeko ausardiarik izan. Ez da gauza izan gai horri zirrikitu bat egiteko, gizartean eragin positiboa izan zezakeen arren. Izan ere, lehen ere esan dugu: elkar ezagutzea da elkar ulertzeko lehenengo urratsa.
Zinemaldiaren erabakia, beraz, oztopoz betetako bide bateko azken harri gisa ulertzen dugu. Eta gaude, euskal gizartearen zati handi batek ez duela ulertuko zergatik ukatu zaion denona den marko batean espektatiba handiak sortu dituen film bat ikusteko aukera. Izan ere, azken buruan, herritarrek izan behar dute—eta ez beste inork— kultura epaituko dutenak.
Sentitzen dugun dezepzioaz haratago, ez dugu Zinemaldiarekin polemikan sartzeko gogorik. Ez dugu partida galtzen dutenean errua arbitroari botatzen dioten kirolarien moduan agertu nahi. Baina, hala ere, errespontsabilitateak hitza hartzera behartu gaitu; izan ere, susmatzen dugu gu baztertzeko erabakiak gehiago izan duela politikotik artistikotik baino, eta, sortzaile bezala, ezin dugu «normaltzat» hartu hori. Ezin dugu jokatu ezer gertatu ez balitz bezala. Bestela, gehiagotan gertatuko dira antzeko gauzak aurrerantzean. Eta gizarte libre batentzako lehen baldintzetakoa da sorkuntza askatasuna.
Gu zinegileak gara, ez besterik. Horregatik, egiten dakiguna egiten segitzea izango da gure erantzun bakarra. Lanean segituko dugu, oztopoak oztopo, filma ahalik eta jende gehienak ikus dezan. Zentzu horretan, Barrura begiratzeko leihoak Donostiako Zinemaldian egongo da. Ez gara egongo programa ofizialean; baina Zinemaldia baliatuko dugu, barruan itxi zaizkigun ateak kanpoan zabaldutako leihoak izan daitezen.
Tabuak, beldurrak eta leihoak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu