Erakutsi zidaten hobe zela “sua, sua!” oihukatzea, “laguntza!” beharrean. Sua entzutean norbera ere arriskuan egon litekeela uste izanda errazago mugituko omen da ondokoa. Zintzoa izango naiz, norberak ere behin baino gehiagotan beste aldera begiratu izan du bizitzako hainbat unetan, laguntzeko ekintzak sor ditzakeen albo-ondorioek beldurtuta. Gero, baina, zigorrik gogorrena jaso izan dugu, kontzientziarena.
Haurrek, nerabeek, laguntza eskatu ohi digute, sarritan erregutu, eta guk, gure heldu izate honek ematen digun toki pribilegiatu honetatik erabaki izan dugu behin baino gehiagotan, eskaera edo erregu horiei gupidarik gabe muzin egitea; noski, haur eta nerabe horren hobe beharrez, guk beti baitakigu ondo, zer komeni zaien. Beste hainbatetan, ordea, ez gara ezta konturatu ere egiten laguntza eske dabiltzanik, eta hain pozik ikusten ditugu lagunekin olgetan!
Ironia albo batera utzi eta... Sua: magikoa batzutan, tragikoa bestetan. Sua, zigorra: bizirik erre zituzten emakume andana sorgin izateagatik, sorkuntza, komunitatea eta jakituriaren jabe zirelako gogor minduz. Sua, goxotasuna: neguko hotzetik babesteko, amamaren altzoan ipuinak entzuten genitueneko oroitzapen samurrak.
Donibane bezpera batzuentzat, udako solstizioa besteentzat, baina sua, guztiontzat, erritu edo ospakizunei bide emateko. Suaren bila aritu omen ziren lehen gizakiak, suaren magiaren bila jarraitzen dugu 2021.ean.
HaurrakEreBai-tik gure mezuak zaindu ohi ditugu, sensibilitate guztiak kontuan hartuta jardun nahi izan dugu, eta hala jarraituko dugu; baina gaur, suaren gau honetan, sutan erretzeko idatzi hau egiteko baimena eman diogu geure buruari, eta aizue: iazko martxoan beldur ginen; informazio nahasiak eta kontraesankorrak jasotzen genituen, alde guztietatik iristen zitzaizkigun mezu eta irudiak beldurrezkoak eta beldurra eragiteko ziren, ospitaleak gainezka zeuden, eta gizarte osoa horren errudun bezala tratatuak izan ginen, batez ere haurrak. Orduan beldurrak erabat itsutu ez eta, zuhurtziaren eta haurren eskubideen arteko orekarik ez zegoela sinetsita, haurren eskubideak zanpatuak zirela esanez “laguntza” oihukatu genuen, gure seme alaben arduraz. Eta, beste aldera begiratzeaz gain, askok sutara bota gintuzten, sorginak inkisizio garai hartan lez. “Sua” ez oihukatzea izan ote zen akatsa?
Urtebete pasata: ikerketa askok haurrak ez direla pandemia honen eroaleak baieztatzen duten arren, eta Europako beste herrialdeetan neurri samuragoak ezarrita aurrera egin dutela ikusita; zergatik jarraitzen dugu hain neurri zorrotzak ezarriz batez ere haurrentzat?
Eskolaratzeko, haur garapenaren kontra doazen neurri zorrotzak ezarrita jarraitu dugu ikasturteko azken egunera arte, musukoa gorputz hezkuntzan eta eskolaz kanpoko ekintzetan, kirol eskaintza murritzak, haur osasuntsuak konfinatuak, udalekuetan haurrak musukoarekin egoteko protokoloak (baita kanpo espazioetan ere) eta toki batzuetan 3-6 urteko haurrak ere musukoarekin ibiltzera behartzeko atrebentzia izanez. Pediatrak non daude? EPIak ez jartzeagaitik haurrak artatu gabe PCR proba egin arte, dena COVID bihurtuz eta... bronkiolitis, faringitis, gastrointeritis, otitis, boca-manos-pies, eskarlatina eta haurrek pairatzen dituzten beste mila gaitz ahaztu eta desagertu dira antza. Edo okerrago, gure seme alaben osasuna telefonoz artatuz.
Haurduna eta haurra abandonatuak izan dira osasun sistema publikoan, eta sarritan tratu txarra jaso dute erditzean baita erditu ostean ere, edoskitze taldeak bertan behera. Aitite-amamen heriotzaren errudun sentitu nahi ez eta hilabete luzez familia harremanak etenda, harremanei eta kontaktueikiko izua sortuz. Haur poliziak bihurtu zaizkigu txikiak, ezarri diegun neurrigabeko ardura eramatearen pisuagatik, lagunak salatuaz musukoa oker jantzita dutelako edota distantzia mantendu ez dutelako. Zer da hau? Soilik osasun krisia da benetan? ZIUak beteko direla? Ba jarri ZIU gehiago, mediku eta erizain gehiago, oro har baliabide gehiago ospitaleetan. Hezkuntzan berdin, ratioak erdira jaitsi eta hezkuntza profesionalak bikoiztu, ikasle talde txikiak egin eta utzi haurrak bakean.
Kokoteraino, potrotaraino, titietaraino, hasta el coño, bai, aizue, aski da ja! Lotsa sentitzen dugu agintari politikoek haien leku pribilegiatu horretatik (guk eman dieguna) gizarte osoa infantilizatu eta azalpenik gabe lege eta erabakiak ezarri dituztelako, harremana delitu bihurtuz. Noski, gure hobe beharrez, haiek ondo dakite guri zer datorkigun hoberen. Haiek, gure bizitzaren jabe sentitzen dira akaso. Nazka, neurriak hartu ordez erabakiak hartu dituztelako, herritarren behar konkretuak kontuan hartu gabe. Haurrekin zekenak, kupidagabeak eta arduragabeak izan dira agintariok. Amorrua, itsu-mutu-gor izan gaituztelako gizartea oro har. Inpotentzia, men egin dugulako, norbanako zein instituzioek ere. Noiz egingo dugu planto herritarrok? Noiz planto ikastetxeek, haien oinarri pedagogikoei fidel? Noiz planto medikuek, herritarren arreta presentziala eta kalitatezkoa izatearen alde? Sua, sua!!!
Bota ditzagun sutara helduzentrismoa, mamuak, beldurrak, hipokrisia, ezjakintasuna, obedientzia, isiltasuna eta agintari guztiak.
“Sua” oihukatu behar dugu orain! Sortu ditzagun arduradunak. Sartu barnera kemena, zentzu kritikoa, desobedientzia, zarata, haurrenganako begirada errespetutsua, haurrenganako miresmena eta bai. Haurren ongizate integralarekiko konpromisoa. Badoa sutara gaurko idatzia. Bertan erre bitez mamu ta... Suaren magiak egin dezala berea.
COVID-19
Sutan erre bitez, mamu eta...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu