Sano eta ondo, Osakidetzan nahiago bai!

2013ko abuztuaren 29a
00:00
Entzun
EAJko Josune Gorospe legebiltzarkideak Osakidetzan euskararen erabilera sustatzeko lidergoaz idatzitako artikulua argitaratu izan da ekainean hainbat mediotan, eta zer pentsatu eman dit. Irakurtzean, hainbat kezka eta galdera etorri zitzaidan burura. Lidergoaz ari zinenez, Josune, zeuk aipatutako liderren mailaren hurrenkerari jarraituko diot.

Urkulluk bere kargua hartzean «elebitasun berdintzaile eta orekatzailean» (sic) sinesten zuela esan bazuen ere, argitu iezaiozue ahalik eta arinen elebitasun orekaturik ez dela inongo gizartetan, eta pertsonak garela (eta ez gutxi gizarte honetan, baina nahikoak ere ez, antza) elebidunak. Guztiok elebidun bagina, orduan bai aukera berdintasunetik hurbilago; bitartean, ezinezko. Horrenbestez, gizarte hau berreuskaldundu egin behar da, eta aurreko urratsa, elebakarrek gure hizkuntza ikastea, ezinbesteko. Zer esanik ez guztion dirutik ordaindutako zerbitzu publikoak emateko kontratatuak, eta are gehiago pazientearekiko enpatia eskatzen duen osasun zerbitzuetan ari direnek, 1894an jadanik nahiko argi omen zuten Zestoan. Hortaz, eta euskarari Osakidetzan «eman behar zaion lekuaz», benetan zeharkakotasuna eman nahi badiozue, dena busti behar du, ezin da «leku» batean izan. Euskaldun gaixo (!) bat dagoen lekuan izan behar du euskarak presentzia. Eta Urkulluk benetan uste badu elkarbizitzarako zutabe dela euskara, mahaigaineratu dezala elkarbizitzarako eratzen ari diren foroetan hizkuntzak eta hiztunok jasan izan eta jasaten ditugunak erreparatzeko beharra; eskertuko genioke.

Sailburu berri den Jon Darponek euskararen erabilera sustatzeko konpromiso sendoa hartu duela diozu. Ondo da, eta funtsezkoa litzatekeela argi izanda, hori frogatzeko aukerarik ez du faltako. Adibidez:

EH Bilduk aurkeztutako Legez Besteko Proposamenaren harira zabaldutako dinamikak otsailaren 14ko saioan izan zuen saria: EAJk eta PSEk ere aldeko botoak emanda, hainbat konpromiso hartu zen. Horien artean, aurreko gobernuak diseinatutako Bai Sano plana bere osotasunean garatzea. Baina plan horrek alde bi zituen jatorrian: barrura begirakoa eta hori komunikatzekoa. Azken zati hori desagerrarazi egin zuen lehengo gobernuak. Eta nekez izango du gaixo euskaldunak kanpaina horren berri prentsan, kalean... iragarria ikusi ezean. Ia oraingoan PSEren gobernuak egindako tranpak ezkutatu gabe kalean ikusten dugunBai Sano kanpainaren iragarpenik, langileek eurek egindako bideoaz haratago.

«Ebaluazioa [aurreko planarena] tresna eraginkorra dela ahuleziak eta zuzendu beharrekoak agerrarazteko...». Tira, ebaluazioak eta planak tresnak baino ez dira; horiek izate hutsarekin ez da ezer konpontzen, beraien aplikazio egokiarekin baino. Osakidetza barruan Hizkuntz Eskakizunen betebeharra saihesteko oso arruntak bihurtu diren lasterbideek (betetze epea amaitu aurreko astean postua ematearen tranpa, adinez salbuetsiak...), euskaldunoi egiten zaizkigun iruzurrek, horrelako egoerak luzatzen dituzte. Eta gainera, ez ahaztu 67/2003 dekretuak zehazten duena: «Langileek, derrigortasun data duen lanpostua bete eta dagokion hizkuntz eskakizuna egiaztatu badute, euskara erabiliko dute hizkuntza hori aukeratu duten zerbitzuaren erabiltzaileekin». Horiexek betearazte hutsarekin, akabo gaixo euskaldunen osasun komeria asko, baina nago sarritan zerbitzarien interesak gailentzen zaizkiela zerbitzua jaso behar dugunon eskubideei.

Eta ez dut uste liderra izan nahi duenak asko behar duenik euskaldunonganako ahuleziak, hutsak, tranpak, gezurrak, mespretxuak eta beste aurkitzeko Osakidetzan. Laburtuko dizkizut azken urtean soilik neuri eta soilik Galdakaoko ospitalean gertatutakoak: Harrerarako langile bakarra eta bera erdalduna (Basurtun bezala), ekografiarako baimen agiri piloa gaztelania hutsez eta euskarazkoa eskatzean gaztelaniaz egin behar, «los están modificando» entzun behar izateko, hurrengo urtean paper berberak egoera berean (batzuk ez dira aldatu PSErekiko akordioaren bitartez hango aginteak eman zenizkienetik), ebakuntza egiteko baimena gaztelania hutsez eta euskarazkoak eskatzean zirujauak erantzun «yo no soy político» (zuei dagokizue beraz, nonbait), kafetegian langile bi eta bietako batek ere ez du «kafesne» edo «koilara» ulertzen, eta irribarrez begiratu, Ameriketatik nora etorri den ez dakiena neu banintz bezala... hortxe dituzue etengabeko hobekuntzarako behar larriak eta sano agerikoak.

Dena den, zeuk ez zenuke ebaluazio beharrik izango jakiteko zeure herrian, Diman, Francoren 40 urteak amaitu eta beste 40 betetzeko diren honetan, oraindik ez dela herrian osasun arreta euskaraz jasotzerik. Horiek ez gertatzea ziurtatzeko omen dira planak eta dekretuak. Hor duzu zeure konpromisoa eta lidergoa erakusteko aukera ere; dimoztarrek eskertuko lizukete behingoz mediku euskalduna (eta ganorazkoa, jakina) lortzea.

Baduzue zer egin Osakidetzan, bai. Hasteko, orain artekoak bete, aurreko gobernuak ezkutuan erretiratutakoa barne; jarraitzeko, herritar euskaldunak nagusi diren tokietara profesional euskaldunak bidali, soilik zuen eskumeneko EAEn Uemako herrietan 17 pediatra erdaldun daude eta. Eta hortik aurrera, beste guztia, arduradun nagusiak euskaldunak izatea barne, horixe euskara prestigiatzeko bide artezena. Osakidetzak berak 30 urte bete dituenean oraindik 4 langiletik 3 euskaldunak ez izatea porrota ez bada, ez dakit zer den, baina sano ez gabiltzala argi, eta ondo ere ez, jakina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.