Sanferminetako leku kritikoak

2016ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Duela bi urte, Sanferminak Berdintasunean taldea sortu zen, eta horko partaide dira, besteak beste, udaleko zenbait teknikari emakumezko, Iruñeko zenbait talde feminista eta mugimendu asoziatiboko kolektibo batzuk. Sanferminetako indarkeria matxistaren gaia jorratzeko, hainbat ideia azaldu ziren: hala nola sanferminetako leku arazotsu edo arriskutsuen diagnosia egitea. Eta lan horixe egiten gara Emagin elkartekook, metodologia parte hartzailea baliaturik eta indarkeria matxistari aurpegi ematen diogun zenbait emakume eta subjekturen esperientziak eta bizipenak aintzat harturik.

Gure ikerketaren helburua, hauxe: identifikatzea emakumeok zein toki jotzen ditugun ez-segurutzat, eta zerbait proposatzea pertsona guzti-guztiok askatasunez goza ditzagun bestak. Horretarako, garrantzitsua iruditzen zaigu kontuan hartzea bi alderdi dituela emakumeok sentitzen dugun segurtasunik ezak eta beldurrak. Eskuarki—genero sozializazioa barneratua dugunez, beldurrari eta babesgabetasunari dagokienez—, iruditeria jakin bat pizten zaigu ez-segurutzat hartzen ditugun tokiez hitz egitean: kale bakarti bat, gauez, eta gizon ezezagun bat. Baina iruditeria hori ez dator bat gero benetan eraso matxistarik gehienak gertatzen diren testuinguruekin: etxea, gizon ezagunak, jendez mukuru betetako kale, plaza edo tabernak, gauez zein egunez.

Horregatik, mapa hori eta egindako proposamenak lantzeko, bi alderdi hauek hartu ditugu kontuan: batetik, hirigintza ezaugarriak direla-eta ez-segurutzat jotzen ditugun espazio fisikoak edo tokiak; eta, bestetik, ez-segurutzat jotzen ditugun denborak edo tokiak, bestetan espazio horiei ematzen zaien erabilera dela eta. Esaterako, toki segurua iruditu dakiguke udaletxe aurreko plaza; baina une jakin batean, txupinazoan adibidez, ez-segurutzat jo dezakegu.

Azaldutako proposamenen artean, eta hirigintza ezaugarriei dagokienez, nahiko erraza da hainbat esku hartze proposatzea udalari: zenbait tokitako argiteria hobetzea, edo landaretza ebakitzea. Burutan ateratzeko zailagoak dira, ordea, bestelako proposamen batzuk: esaterako, jenderik ibiltzen ez den tokiak jendeztatzea, edo hainbat pertsona ezartzea erreferente gisa, norengana jo eduki dezagun eta segurtasuna sentiaraz diezaguten; halakoek, izan ere, prestakuntza, koordinazio eta aurreikuspen handiagoa eskatzen dute. Kontuan izan dugu, halaber, definitu beharra dagoela zer den ingurune seguru bat emakumeontzat, eta horretarako ez deritzogula onuragarri kontrol soziala areagotzeari. Alde horretatik, honetan zentratu dira, batik bat, denboren eta espazioaren erabileraren inguruko proposamenak: sentsibilizazio, kontzientziazio eta salaketa sozialerako prebentzio kanpainak egitea; dibulgaziorako materiala sortzea; elkarlanean aritzea taberna, peña eta elkarteekin batean; informazio gune gehiago ezartzea eta langile gehiago trebatzea salaketak artatu ahal izateko eta autodefentsa feministako tailerrak emateko.

Kontuan izanik bestetako eraso matxistak ez direla kasu bakanak, ez eta alkoholak eta drogek eraginak ere, iruditzen zaigu bide horretatik segitu behar dugula proposamenak lantzen: emakumeek, ahalduntze kolektiboaren bidetik; gizonek, enpatiaren bidetik, betiere hainbat jarrera barneratuak ditugula onarturik eta ezein eraso motaren konplize izateari utzirik —horiek sotilak edo normalizatuak izanagatik ere—. Urrats bat da espazio fisikoa aldatzea. Baina benetan nahi baldin baditugu amaitu bestetako erasoak eta, oro har, indarkeria matxista, eraldatu egin behar ditugu pentsamoldeak, jarrerak eta harremanak; azken batean, sistema heteropatriarkala. Horretarako, ezinbestekoa da gai horrek lehentasuna izatea, eta gizarte osoak hartzea erantzukizuna, nork bere alorrean. Eta erakundeek ere benetako borondate politikoa izan behar dute, eta horrek, gaur egun, zera dakar berekin: arazoaren larriarekin bat etorriko den aurrekontu bat.

(Erredakzioan itzulia)
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.