Jon-Mirena Landa Gorostiza.

'Parot doktrina': Estrasburgoren ondoren zer?

2012ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegiak 2012ko uztailaren 10eko epai baten bitartez (Del Rio Prada v. Spain) Parot doktrina-ren ezarpenaren aurka gogor jo zuen. Auzitegi Gorenak, 197/2006 Parot-Epaia dela-medio, presoaldiaren gehienezko muga betetzeko neurketa-irizpidea aldatu arren eta, horren ondorioz, preso askoren kasuetan kalera atera ez baizik eta 10, 9 edota antzeko epez kartzelan egoteko aldia luzaturik gertatu ondoren, Estrasburgoko Auzitegiak hori ezin dela egin aldarrikatu zuen. Zehatz-mehatz Europako Giza Eskubideen Itunaren bai legezkotasun printzipioa (7 art.) bai askatasun-eskubidea (5 art.) urratutzat jotzen ditu. Alegia, Espainiako Estatuak giza eskubideen aurka jo zituen, argi eta garbi, Parot doktrina aplikatzerakoan.

Estrasburgoko epaia berri ona da: epaimahaietatik datorren haize freskoa aspaldiko partez. Baina askok beren buruari galdegiten diotena zera da: eta orain zer? Noraino izango du epai horrek eragina? Beteko al dute Espainiako Auzitegiek?

Egoera konplexua da baina azter ditzagun hipotesi desberdinak. Lehenik eta behin, Estrasburgok eman duen epaia ez da irmoa. Eta irmoa ez bada, ez dago bete beharrik. Hiru hilabeteko epea dago aldeek kasua Ganbera Handira (Grand Chamber) bidalia izan dadila eskatzeko. Espainiako Gobernuak jada esan du hori eskatuko duela, irailean hain zuzen ere. Baina eskatzeak ez du esan nahi halabeharrez Ganbera Handira joango denik: ezta gutxiago ere. Estrasburgok berak iragazki moduan bakarrik onartzen du kasu bat ganbera handira iristea salbuespenez, berarentzat —ez eraginda sentitzen den Estatuarentzat— bereziki garrantzitsua denean, Europa mailan beste kasuetan eragina izan dezakeelako edo jokoan dagoen kasuak interpretazio-arazo garrantzitsu batean eragina izan dezakeelako. Beraz, ikusteke dago Estrasburgok onartzen ote duen berrikuspena. Onartuz gero, beste erabaki baten zain geldituko gara eta auskalo zenbat denbora pasatuko den epai berria etorri arte.

Baina, kasua Ganbera Handira joatea onartu ezean, nire aburuz litekeena, agian urrian edo azaroan —ziurrenik urtea amaitu aurretik— jakingo dugu eta orduan bai epaia irmoa izango litzatekeela. Irmoa, hortaz, bete beharrekoa Espainiako Gobernu eta Estatuko erakunde guztientzat.

Bete beharrekoa, alegia? Betetzeak ez du esan nahi presoak kalera segituan doazenik: irmotasunak pilota, kasuaren konponbidea, Espainiako Auzitegietara bihurtzen du eta orduan hipotesiak ugaltzen dira. Izan ere, ez baita ebatzi, Estrasburgoko Epaimahaiaren aldetik, diruzko kalte-ordainak ematea soil-soilik. Ohikoa ez den kondenan presoa «ahalik eta lasterren askatzeko» agindu zaio Espainiako Estatuari. Kondena bat Estrasburgotik datorrenean askotan ez dute kalte-ordainik ematen, jada kondena bera nahikotzat jotzen dutelako. Baina oso muturreko kasuetan haratago doaz: eta kasu honetan hori egin dute. Askatzeko agintzeraino joan dira! Ezohiko kondena honek arazo bat sortzen du Espainian halakoen aurrean zer egiterik araututa ez dagoelako. Eta garbi araututa ez dagoenez gero, hipotesiak ugari dira.

Hala nola Del Rio kondenatu zuen Auzitegi Nazionalak erabaki lezake kalera ateratzea epaiari men eginez eta horrela beteta legoke. Baina, baita ere, erabaki lezake kontrakoa edota horrez gainera bere burua erditik kendu eta kasua Auzitegi Gorenari igorri azken horrek erabakia har dezan. Hori gertatu zen Bulto izeneko antzeko kasu batean (245/1991 Konstituzio Auzitegiaren Epaian). Estrasburgok askatasuna agindu arren, Espainiako Auzitegi Gorenak ez zuen bete. Kasu horretan azkenik Konstituzio Auzitegiak behartu zuen kalera ateratzea Auzitegi Gorenaren aurkako tentsio bizian. Eta hori izan liteke orain berriro ere gertatzea: alegia, Espainiako Auzitegi arruntek epaia eta kondena ezohiko argi hura ez balego bezala jardun eta orduan Konstituzio Auzitegiak gatazka erabaki behar izatea.

Auzitegietatik at, bide batez, esan beharra dago gobernuak berak ere konpon lezakeela, borondaterik balu, indultu baten bitartez. Barra-barra erabiltzen den indultuak, askotan gehiegikeriaz batez ere Estatuko funtzionarioak —poliziak batik bat— indultatuak direnean, kasu honetan auzitegien korapiloa askatzen lagun lezake.

Norbaitek esango du, honezkero, baina zergatik dena da hain konplikatua? Erantzuna zera da: Bulto kasua gertatu zenean, jada Konstituzio Auzitegiak argi eta garbi utzi zuen zulo bat zegoela eta arautu beharra zegoela hori estaltzeko: alegia, Estrasburgok erabakitzen dituen kasu bereziotarako kartzelatua nola askatu behar den. Esan arren, ordea, ez zitzaion kasurik egin eta orain dena konplika liteke berriro ere.

Dena dela, nola edo hala bete beharko du Espainiak. Horretarako, ministroen kontseilu bat dago Estrasburgoko Itunak sortua, presio politikoa eragingo duena betearazteko. Kontseilu horrek bere bileretan baieztatuko du ea ordaintzen den irmotasuna aldarrikatu eta hurrengo hiru hilabeteetan eta bestela interesak sortzen hasiko dira. Kontseiluak ere bereziki behatuko du ea askatzen duen Del Rio baita antzeko egoeran egon daitezkeenak ere. Eta bitartean, arazoa konpontzen ez den bitartean, kondena gehiago etorriko dira tantaka edota uholdeka.

Hori bai, ikuspegi juridikoa gorabehera, eta betetzeko luzamendutan balebil Espainia eta kasurik muturrekoenean bete gabe utziko balu, zelako desprestigio itzela! Estrasburgok askotan arrazoia besterik ez du ematen edo hobeto esanda arrazoia ematen du, gutxi ez dena. Ez doa urrunago, askok urrunago joatea nahiko bagenu ere. Baina bere indar historikoa hori izan da: Giza Eskubideen izenean gutxieneko batzuk «nagusitasun moralaz» ezartzen dituela. Espainiak, berak izenpetu duenaren aurka eginez, beteko ez balu, legitimitate morala galduko luke baita demokraziari berari kalte handia egingo ere. Terrorismoaren aurkako borrokan behin eta berriro inbokatzen den «nagusitasun morala»-ri eusteko unea heldu da, izan ere nagusitasun moralak eta demokratikoak Parot doktrina indargabetzeko eskatzen du-eta!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.