Ondo, lehendakari jauna, ari gara hurbiltzen

2014ko apirilaren 23a
00:00
Entzun
Asko poztu gaitu asteazkeneko BERRIAren titulu batek: «Urkulluk esan du nekeza dela bi hizkuntzen arteko oreka erdiestea». Eta BERRIAk «nekeza» zein «oreka» jarri ditu kakotxen artean.

Lehena kakotxen artean jartzea ez zaigu deigarri egin. Izan ere, gure gai honekin ari garenean, «nekeza» hitzak badu erreferentzia euskaldunontzat, Ruper Ordorikak abesten baitu «euskaldun izatea zein nekeza den». Eta, egia esan, oso nekeza baino gehiago, ezinezkoa dugu gaur egun euskaldunok gure eguneroko jardunean euskararentzat gaztelaniarekiko edo frantsesarekiko tratu berdintasuna lortzea, horiek izango baititugu gehien-gehienetan nagusi.

Eta «oreka» kakotx artean ere, bi hizkuntzen arteko oreka ez delako nekeza, ezinezkoa baizik. Horrexegatik poztu gara, Lehendakari jauna, zeure kargua hartzean elebitasun orekatzailearen alde egingo zenuela agintzean harritu ginen bezala. Zeure talde parlamentarioko Josune Gorosperi zuzendutako artikuluan, horrelakorik inon ez zela ahalik eta arinena argitzeko eskatzen nion, eta, hara, orain «nekeza» zaizue lortzea. Konturatuko ote zarete inoiz gizarte elebidun orekaturik inon izan ez bada are gutxiago lortuko dugula gure Euskal Herri zapaldu honetan? Hemen dagoen elebidun bakarra euskalduna da, euskara alboratuz beste bi hizkuntza ikasi dutenez aparte. Euskaldunok gara elebidun hemen, eta gainontzeko herritar guztiak euskara behintzat ulertzeko gai ez diren bitartean, ezinezkoa da euskalduna bere hizkuntzan gutxieneko normaltasunez bizitzea, eta, are ezinezkoagoa, gutxieneko berdintasunez.

Baina ez gaitu poztu «gerturatze» horrek bakarrik. «Euskara erabiltzeko gai garenok ez badugu aukera dugun guztietan eta posible dugun guztietan erabiltzen, are zailagoa izango da normalizazioa», esan omen duzu, Urkullu jauna. Eta asko poztu gaitu hori irakurtzeak, duela urte eta erdiko Andoaingo Kilometroak jaialdian harrituta geratu ginelako, antzeko diskurtso indartsu bat egin ondoren, jarraian, han ziren kazetariengana hurbildu, eta «Hola, qué hay?» bota zenienean. Izan ere, zeure ekintzak botatako hitzen pare balihoaz, oso arin konturatuko zinateke hainbeste kezkatzen zaituzten euskara ez erabiltzeko lotura subjektiboak zeintzuk diren.

Ez duzu ikerketa garestirik ordaindu behar horretarako, nahikoa duzu «babesgabetasun ikasia» bilatzea Interneten. Sinple azalduko dizut: nagusiki makilaren eta azenarioaren mekanikaren bidez sortzen zaizkigu hizkuntza bat edo beste erabiltzeko lotura subjektiboak. Artikulu hau idatzi bitartean, Basurtuko ospitalera joan behar izan dut, eta sarrerako zaintzailearen «Â¿Qué dice?» errespetu gabeak zein harrerako langilearen erdalduntasunak eman didate euskaraz hitz egiteari uzteko input bana. Lasai, dena den kasu egingo dizut, eta aukera guztiak baliatuko ditut euskaldun agertzeko, azala loditua dugun euskaldun horietakoa nauzu. Baina horrelakoek —langile horien kokapenek zein jarrerak— guk ordaindutako Jaurlaritzako funtzionarioen artean oraindik aurkitzeak min ematen du. Min ematen duen bezala gure «herri-zainengana» jotzea zerbitzu eske, eta euskaraz egin izanagatik norberari oldartzea «herri langileok». Hirutan gertatu zait neroni, azkena duela hilabete parea. Egin ezazu proba, telefonoz bada ere, eta ikerketak aurreztuko dituzu eta dizkiguzu. Eta arrazoi duzu, hil edo bizikoa dugu lotura subjektibo horiek ezagutzea. Ezagutzen ez dena nekez konpon daiteke.

Beste eragile nagusietako bat eredua da. Zergatik ez duzu zerorrek egiten euskaraz ahal duzun guztietan? Bai, onartuko dizugu geure inguruan ere badela nahiko aldatu beharra, baina, halere, azpimarratuko dizugu lidergoaren garrantzia, eredugarri izan zintezketenak eredu okerra ematearena. Eta, gure funtzio publikora itzuliz, EITBk berak, euskaldunak gaztelaniaz egitera behartzen dituenean ez du askorik laguntzen, euskararen desagertze prozesuan ez bada.

Euskararen Aholku Batzordean ez dizute horrelakorik aipatuko, jakina. Eskatu ere, zertarako? Total, urtean pare batean argazkia eginda, listo, politikan hain garrantzitsua den zilegitasuna lortuta.

Baina ez dugu beste 30 urte euskaldungoa ez agertzen pasatzeko. Eta zuen euskara arduradunaren deiaren zain astebete baino gehiago daramagun honetan, zerbait serio egin nahi baduzue, esan, zain eta prest gaituzue. Tira, zain bai, baina geldirik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.