Txema Ramirez de la Psicina

Norberak hasi behar

2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Islandia, hor nonbait, hizpide dugu azkenaldion. Izotza eta sua, denetik dute han. Aurten, urtarrilaren 20an, Reykjavick-eko parlamentuaren aurrean, Santiago Sierra artista ezagunak First Monument to Civil Disobedience (Desobedientzia zibilari lehen monumentua) obra paratu zuen. Berton ageri den plakan, islandieraz eta ingelesez hauxe irakurtzen da: «Gobernuak herritarren eskubideak bortxatzen dituenean, matxinada da herriarentzat, baita herriaren zati bakoitzarentzat ere, ez soilik bere eskubiderik sakratuena, baita bere betebeharrik ezinbestekoena ere». Aipua, 1793an onartu zen Gizakiaren eta Herritarren Eskubideen Adierazpenetik aterea dago. Iraultza Frantsesaren garaia zen. Urte berean artikulu hori Frantziako Konstituzioaren aitzinsolasean txertatu zen. Eskultura jarri baino hiru urte lehenago, Islandiako poliziak bortizki erreprimitu zuen bankari eta agintarien kontra herritarrak egiten ari ziren protesta baketsu bat. Hura izan zen izotza arraildu zuen lehendabiziko suzko ezpala, gerora Islandian izan diren aldaketa politiko eta sozialen lehen urratsa.

Pentsamendu kritikoaren ezabaketa

Azken hiru urteotan finantza-krisiaren ondorioak, modu batean edo bestean, denok ari gara pairatzen; ez denok modu berean, jakina. Gogoeta honek, makro-gertaera horren aurrean, masa-hedabide nagusiek hartu duten jarrera eta intelektual gehientsuenek erakutsi duten otzantasuna ditu jomuga.

Albisteak trumilka datoz egunero, zorabiatzeko moduko jario etengabean: erreskateak, murrizketak, arrisku saria, banku txarra, Europako Banku Zentralaren erabakiak… Den-denak arrapaladan. Pentsatzeko astirik eman gabe, gogoeta kritikorik bultzatu gabe. Berdin dio oraingo datuak duela astebete iragarri zituztenen guztiz aurkakoak badira ere, edo orain esaten dutena duela sei hilabete esan zutenaren guztiz bestelakoa bada ere. «Egoera aldatu da», diote. Adituen iritziek egunero isurtzen dute pentsamendu neoliberalak behar duen koipea, produktuak saldu aurretik behar duen berniza. Espertoen artean, nabardura gutxi: «Ezin da besterik egin». Behin eta berriz, han eta hemen, irratiz, zein telebista, periodiko edota internetez ere lelo bera aditzen da: «Apokalipsia onartu behar duzue; izan ere, zuen gaitasunen gainetik bizi izan zareten herritar arduragabeak izan zarete. Beraz, gogorra da, bai, baina orain izorra zaitezte». Herritarren artean, ondorioa begi bistakoa da: shock-a, izua, beldurra eta inpotentzia: «Zertarako grebarik egin?» Ezinezkoa zirudien zirkuluaren koadratura posiblea dela sinetsarazi nahi digute. Bestelako alternatibak izan badira, jakina badirela, baina ezkutatzen dituzte.

Komunikabideen eta, jakina, kazetarien betebehar sakratuenetako bat gertaerak bere testuinguruan kokatzea da; izaera konplexua duen gatazka baten diagnostikoa egin baino lehen, gertaera horren aurrekariak aztertu behar dira: nondik datorren, zeintzuk diren arrazoiak, nortzuk diren erantzuleak, zer egin duten antzeko arazoak pairatu dituzten herrietan, zeintzuk diren konponbide posibleak eta zein da aurrera begira pronostikoa. Hori ez da iraultza informatiboa. Horri kalitatezko informazioa esaten zaio mundu osoan. Antzeko zerbait sumatu al duzue komunikabide nagusien zurrunbilo errepikakor eta aspergarrian?

Azken hiru urteotan, pentsamendu kritikoaren ezabaketa sistematiko eta kriminala izaten ari gara estatuko eta Euskal Herriko komunikabide nagusietan. Krisiaren kariaz, komunikabideak eta zutabegile kritikoak desagerrarazten ari dira. «Jubilatu» egin dira; lanpostuz aldatu egin dira. Gertatzen ari den garbiketa ideologikoa erabatekoa da; benetako demokrazia mediatiko batean biziko bagina, honezkero edozein behatzaile inpartzial sutan legoke. Krisiaren erantzule nagusiak —banka deitzen den banda horrek ez du denbora galtzen—: komunikabideen sektorearen jabe egiten ari da, isil-isilik, inork ezer esan gabe. Adierazpen askatasuna zeharo mugatzen duen neurria da.

Bizkitartean, albisteak gero eta laburragoak dira (20 segundotan sartzen badira hobe). Fribolitatea, azaleko kontuak nagusi albistegietan. Eta aurkezleak… diskotekara joateko bezala jantzita dauden emakume panpox bular irmokoak balira… hainbat hobe. Talentua bigarren mailako kontua da. Rosa Maria Calaf esperientziadun berriemaile ezagunaren esanetan, kazetari emakumeen funtzioak telebistan atzera egin du nabarmenki azken urteotan: «Gaur egun saltzen dena irudia da; ez talentuak. Horren ondorioz, pantaila klonez bete da».

Libreak izan edoatseden hartu

Pentsamendu kritikoa, autonomoa, ez da zerutik etortzen; norberak landu behar du. Nekatu egiten du. Denbora eta ahalegina exijitzen du. Beste iturriak arakatzea, beste aditu batzuengana jotzeak gure denbora librearen zati bat kentzen digu. Askoz errazagoa da atseden hartu, sofan jesarri eta esaten digutenari besterik gabe erreparatu ohera joan baino lehen. Tucicides-i esleitu zaion aipua da ondorengoa: «Ez dago beste erremediorik, libreak izan edo atseden hartu». Jai dugu uste badugu oraingo komunikabideek erreboltak prime time ordutegian emango dituztela. Jai.

Reykjavickeko parlamentuak desobedientzia zibila omendu du. Hemengo parlamentuetan otzantasuna saritzen da; edo, barka, «bake soziala». Noiz arte jarraitu behar dugu lozorroan? Matxinada soziala eta intelektuala, lehenik eta behin, norberak hasi behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.