Mexiko, Ayotzinapako ikasleen ispiluan

2014ko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar egun pasatu dira Igualako herrian Ayotzinapako hiru ikasle eta beste hiru pertsona erail, eta beste berrogeita hiru ikasle desagertu eta ustez erail zituztenetik. 2012ko uztailean, PRIk gobernu federala berreskuratu zuenetik, gobernu federala Mexiko modernoago baten irudia zabaltzen saiatu da, hartara komunikazioen eta energien gaineko erreforma eta ogasun erreformak tarteko, nazioarteko inbertsioa erakarri nahi izan ditu. Segurtasunaren irudia sendotzen ere saiatu dira, Calderon presidentearen mandatupean [2006-2012] gertatutako milaka erailketak nabarmen jaitsi zirela esanez, eta droga trafikatzaile ospetsu zenbaitzuen atxiloketa baliatuaz.

Mexikon bizi garenok jakin bagenekien irudi hutsa zela telebistan eta nazioarteko prentsan ikusten genuen hori. Mota guztietako erailketa bortitzak, bahiketak, enpresariek jasotzen dituzten mehatxu gutunak eguneroko argazkia osatzen baitute. Berdin diferentzia sozial izugarriak, hamar milioi mexikar aberats edo aberats izatetik gertu dauden bezala, beste hirurogei milioik nahikoa lan baitute gosez ez hiltzeko, edo ezein eritasun sendagarri dela eta ez hiltzeko.

Guerreroko estatuan gertatu diren erailketa eta desagerpen ekintza horiek agerian utzi dute, beraz, Mexikok bizi duen une historiko latza, zaila eta benetan arriskutsua. Munduaren aurrean lehertu da egoera, eta Peña Nietoren gobernua guztiz gainditu dute gertaerek.

Aztertu ditzagun, beraz, gertaera honek agerian uzten dituen ikasgaiak.

1. Klase borroka. Ayotzinapako ikasleak oso txiroak dira; haien ikastetxe ondoko etxebizitzetan ez dute ez urik ez eta argirik, ezta komunik ere. Oherik ere ez zuten hilik omen dauden berrogeita hiru lagunek eta lurrean hartzen zuten lo. Aldiz, erailtzeko agindua eman zuten alkateak eta bere gaizkile elkarteak herriko denda guztien jabeak ziren, urrea saltzeko dendak zituzten Igualan, negozio legalak eta ilegalak zituzten; denetik, beraz. Droga trafikatzaileak Mexikon, dirua zuritzeko mota guztietako negozioetan sartzen dute dirua. Sinaloako Kartelak, munduko berrogeita hamahiru estatutan omen ditu negozioak. Beraz, droga trafikatzeaz aparte, legezko negozioak dituzte, abokatuak eta diru kontuez arduratzen diren teknikariak dituzte, ekonomia errealean guztiz txertatuak daude, eta aberatsak dira oso, desagertuak eta, kasik ziur, erailak diren ikasleak oso txiroak diren artean.

2. Guerrero. Beti izan da matxinoen sorleku, Lucio Cabañas historikoak ere Ayotzinapako eskolan ikasi zuen. Lucio Cabañasek Txiroen Alderdia sortu zuen, eta hainbat ekintza armatu egin zituzten Guerreron txiroenen alde. Latinoamerikako leku askotan gertatzen den bezala, mendian eta zenbait nekazaritza eremutan, nekazariak edo armatuak daude edo erailtzen dituzte (Kolonbian, Paraguain eta Perun ditugu horren adibide batzuk). Egun Guerreron antolatuak diren autodefentsa ezkertiarrak dira egunero droga trafikoa eta aberastasuna lotzen dituen binomioari aurre egiten diotenak. 1974ko abenduaren 2an, armadak Lucio Cabañas setiatu eta, haiei bera hiltzeko meritua ez ematearren, bere buruaz beste egin zuen enfrentamendu batean. Cabañas eredu da Mexikoko txiro askorentzat, eta orain desagertua dagoen ikasleetako bat Cabañasen iloba da, Cutberto Ortiz Cabañas izenekoa.

3. PRD alderdiaren gainbehera. Guerreroko estatuan, ezkerreko PRDk du agintea, baita Igualako udalean ere. PRDren barruan matxinatuak ibilitako kideak badira, tartean duela hilabete arte alderdiko presidente izan den Jesus Zambrano, zeina bi urtez egon zen preso politiko 1970eko hamarkadan, eta beste hainbat. Abarca alkate madarikatuarekin, gertakariak gertatu eta bi egunetara, Jesus Zambrano egon zen bilduta DFn. Zer hitz egin zuten? Hainbat bertsio daude, baina kontuan izan behar da astebete lehenago eginiko kongresuan PRDren zuzendaritza berrian sartu zutela Abarcaren emaztea, zeinak senide loturak zituen Guerreros Unidos talde paramilitarrarekin. Talde horretako kideak omen dira ustez ikasleak bahitu eta erail zituztenak.

4. PRI alderdiarentzat eta Peña Nietorentzat kolpe oso latza izan da. Pribatuan hainbat iturrik diotenarengatik, ez zuten espero Mexiko hain gaizki egotea gobernua hartu zutenean. Tamaulipas, Michoacan eta Guerreroko estatuetan, gobernu federala ez da existitzen. Gobernu federala, Mexikoren irudi berria, enpresarien Mexiko, negozioen Mexikoren irudia eman nahi zuenean, gertaera hau gehi beste hainbaten aurrean uzkur eta txiki geratu da. Datu makroekonomikoek eta zenbat negozio esparruek gobernuari arnasa txikia ematen dioten arren, Mexiko de la chingada dago.

Mexikoko benetako egoera agerian geratu da ekintza bortitz hau dela eta. Bi gobernuak, Guerreroko estatukoa (dimititu berri duen Aguirrerena) eta Federala, denbora irabazten saiatu dira gertaera ahaztuko zelakoan, baina Mexikoko zanpatuek ez dute gaia ahazten utzi. Egunero atera dira kalera, biolentzia erabili da zenbait instituzioren aurka, eta egoera lehertu egin da.

Mexiko kinka larrian dago, eta Ayotzinapako sarraskiak hori utzi du agerian.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.