Matxismoak kalte larria egiten dio gizateriari

2017ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Garai honetan, non ezkerra eskuinarekin parekatzen saiatzen den, non feminismoa matxismoarekin; garai hauetan, non dirudien mundu guztiak aukera eta erantzukizun berberak dituela, matxismoak kalte larria egiten dio gizateriari.

Ez da gatazka bat, emakumeen aurka deklaratu gabeko gerra bat baizik, zeinak egunero milaka hildako eragiten dituen mundu osoan. Aurpegia, gorputza eta eskubideak dituzten bizitzak. Haiek gogoratzeko betebeharra daukagu, ezin ditugu ahaztu. Gogoan hartzeko beharra daukagu, baina ez emakumea, baizik eta Nagore, Marta, Maria, Olga eta beste hainbat eta hainbat, bere istorioak kontatzeko jada egongo ez direnak.

Proposamen feminista gizateria osoarentzako proposamena da; matxismoak, aldiz, gizateriari kalte larria egiten dio, eta zaurgarriago bilakatzen gaitu, insensibleago.[...]

Autodefentsa feministaren ikastaroetan, defentsa ariketa bat egiten dugugure eskubideak urratzen diren egoera guztiei aurre egiteko. Zein iritzi izan behar dugun esaten digutenean, kasurako, edo zer jantzi behar dugun, noiz atera, etxera libre sentituz itzul gaitezkeen erabaki... Kokoteraino gaude, baina erantzuteko garaian horrek ezin gaitu eraman tresna patriarkal berberak erabiltzera. Ez dira defentsa pertsonalerako ikastaroak, ahalduntzeko ikastaroak baizik, arlo psikologikoan, nork bere gorputzerako eskubidean, mugak jartzeko gaitasunean, eskubidea izateko eskubidean. [...]

Indarkeria sexualen aurka azken udatik honaino izan diren mobilizazioak ezin dira ekintza emozional sinboliko huts izan, gizartearen ordezkaritza izan behar dute, emakumeena eta gizonena, uste dugunona «ezetza ezetz dela». Gizateriari oraindik sentsibilitatea geratzen zaio.

Gure hunkidura biktimekiko betiko elkartasun bihurtu dezagun, eta erasotzaileek izan duten inpunitatearekin apur dezagun. Ez dezagun beste aldera begiratu; indarkeria gertu daukagu denok. Ez diezaiogun matxistari barre egin, ez diezaiogun bozkatu, ez dezagun pentsa gure gauza ez denik, ez dezagun pentsa bikote kontuak direnik. Delituak sekula ez dira gertaera pribatuak. Erantzuna ezin da bakartua izan, eta ezin da ekintza jakinetara mugatua egon, erasoak sekula ez direlako ez bakartuak, ezta unean unekoak izan ere.

Biktimak babestu eta isiltasuna apur dezagun, lotsa erasotzaileen bizkar jarriaz, patriarkatuaren semeak baitira,beren arauak jada ez dutela balio onartzen ez dutenak, ezetza erantzun gisa onartzen ez dutenak, emakumeekin berdintasunean bizi nahi ez dutenak.

Sanferminetako bost gazteak ez ziren bortxatzaile jaio. Inork ez zituen geratu, ordea; inork ez zion barre egiteari utzi, inork ez zizkien mugak jarri, ezerk ez zituen lotsatu. Egunetik egunera, emakumeak baino boteretsuago zirela sinesten joan ziren. [...].

Indarkeria sexista ulertu ahal izateko, egunero indarrean jartzen dugun ideologia ulertu behar dugu hartu-emanetan gaudenean, maitatzen dugunean, kontsumitzen dugunean... Hedabideek, askotan, liskarrean hasi eta heriotzetan amaitzen duten gertaeren berri ematen digute, erasotzailea eta biktima parekatuz. Ez gaitzaten nahastu, ez da gatazka bat, ez da berdinen arteko borroka bat. Desberdintasuna oinarri duen testuinguru batean izandako indarkeria matxista da, eta hilketarekin amaitzen da. Eskema honako hau da: «Edo menperatzen dut edo menperatzen naute». Horixe da ordena matxistaren pentsamenduaren eskema. Ez da ekitatiboa, ezta ausazkoa ere: emakumeen aurkakoa da [...].

Emakumeen aurkako indarkeria desberdintasunaren adierazpena da, eta, era berean, gizon matxistek berdintasunari dioten beldurraren adierazpena. Patriarkatua krisian dago, eta, horregatik, emakume libreek beldurra ematen diete .

Iraganean indarkeria gizonen eskubide naturala zen, eta emakumeen betebeharra zen men egitea: «nik gainerako gizonengandik babesten zaitut, zuk men egiten didazu». Estatistikek diotenez, gure gazteek matxismoa praktikatzen segitzen dute, eta badago izutzen denik. Inork pentsatzen al du matxismoa inoiz joan zenik? Adierazteko forma berriak hartu ditu, gorputz berriak, hitz leunagoak, baina ez zen inoiz joan. [...]

Ozenago esan dezakegu, baina ez argiago. Matxismoak emakumeak baztertu eta hiltzen ditu. Eta hori gure balio sistemak betikotzen du, eremu instituzionalean, sozialean eta harreman artekoan gai horri serio ez zaiolako heltzen. Norbaiti ahaztu zitzaion gure amonen eta birramonen historia kontatzea. Indarkerian eta desberdintasunean oinarritutako historia. Uste genuen «hori» beste garai batzuetako kontua zela, baina «hori» ere ez genuen identifikatu.

Gizonkeriazko matxismoak, txantxaren matxismoak... horiek guztiek hil egiten dute, errazten dutelako gizonezkoek identitate subjektibo bat barneratzea eta indarkeria ezaugarri natural gisa lotzea izaerari.

Matxismotik irten daiteke. Gure mezuen haritik tira egin dezagun, iragarkietatik, pelikuletatik eta senti dezagun maitasunarengatik ez hiltzeko obligazioa. Bortxatzen eta hiltzen duena ez da maitasuna, matxismorik basatiena baizik.

Orain badugu informazioa, zirrara eragin diezaguke une batez, eta gero gure bizitzekin segitu dezakegu, edo «nahikoa da» esan. Egiten dugunaren arabera, erraztuko dugu ikusezintasuna amaitzea, diskriminazioa amaitzea, emakumeen aurkako bortxaketak eta hilketak amaitzea edo eredu aldaketa eragitea. Ez dezagun gehiago barrerik egin sexismoarekin, pixkanaka piztia handia egiten baita. Badaukagu aukera, badaukagu gaitasuna, egiazko bilaka dezagun.

( Erredakzioan itzulia )
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.