Maratoia da, laztana

2016ko urtarrilaren 2a
00:00
Entzun
Hamabi urte eman ditu jada Diegok kartzelaz kartzela eta hamabi urte eman ditugu guk—familia eta lagunak— nebarekin batera Europako kartzeletan barrena. Belgikan atxilotu zutenean lehenbiziko gauza irudikatu nuena maratoia izan zen. Banekien ordutik aurrera guretzat/niretzat lasterketa luzea hasiko zela, trabaz beteriko lasterketa nebarekin dudan/dugun harremana mantendu ahal izateko. Badakit Diegok barruan sentsazio berdina duela, maratoia korritzen ari dela, pertsona bezala eta militante politiko bezala bizirik irauteko maratoia.

Ez dugu honetaz hitzik egin baina biok dakigu lasterketa luzea egokitu zaigula, eta kartzelaldiaren maratoia egiteko indarrak gordetzea eta ondo dosifikatzea ezinbestekoa dela, ezin dugula dena esprint batean erre. Geure burua babestu behar dugu kanpoko eta barruko etsipenetatik, gauza bakoitza bere tokian jarri etxera osorik itzultzeko, bizirauteko.

Kartzela latza da presoarentzat eta familia eta lagunentzat. Espetxe sistemak pertsonak suntsitzen ditu, norbanakoaren identitatea eta izaera ezabatu eta espetxe sistema hierarkizatuaren eta autoritarioaren menpeko pieza isolatuak sortzeko diseinatuta dago. Preso dagoen pertsona militante politikoa baldin bada eta/edo kolektibo politiko baten parte baldin bada presoak dituen harreman afektiboak, politikoak eta familiarrak txikitzea da espetxearen lehentasuna.

Belgikako Mons herriko espetxean isolamendua ezarri zioten Diegori urte bete luzez eta 24 orduz ziega txiki batean bakar-bakarrik inorekin hitz egin gabe pasatu zituen egunak. Telefonoz deitzeko eskubidea ukatu zioten eta horrenbestez etxekoekin komunikatzeko aukera bakarra gutunak ziren eta hamabostean behin egiten genizkion bisitak. Denbora luze eman genuen neba bisitatzeko baimena lortu arte eta soilik gertuko familiarentzat eman ziguten azkenean, ama, anai-arrebak, koinatua eta osaba-izebak. Lagunik ez.

Gogoan dut lehen bisita. Lau urte generaman Diego ikusi gabe eta bat-batean hor zegoen, kristal lodi zikin baten atzealdean guri begira, argal, zurbil baina sekulako irribarrea zuen ahoan. Izugarrizko algarak eta iskanbila muntatu genituen mintzaleku txiki horretan ama, nebak eta laurok, ez dakit zenbat kolpe eman genizkion kristal nazkagarri horri... Lau ordu larunbatean eta beste lau ordu igandean, beti kristalarekin. Hori izan zen hasieratik eta hilabete luzez inposatu ziguten bisita-erregimena.

Gose greba gogorraren ostean eta Belgikako oinarrizko eskubideen alorreko elkarteen presioari esker Espainaratu baina apurtxo bat lehenago bisitaren erdiak aurrez aurre egiteko aukera eman ziguten. Gela handi eta hutsean funtzionario batek zainduta elkartzen ginen eta lagun mordoen maitasuna eta Euskal Herriko oroitzapenak eta berriak konpartitzen genituen nebarekin.

Diegorekin zortzi orduko bisita egiteko sekulako bidaialdiak egin behar izaten genituen: autoa, hegazkina, autobusa, tranbia, trena... Ostiralean Gasteiztik ateratzen ginen eta igandean gauean lehertuta itzultzen ginen 72 orduz Belgikatik gora eta behera korrika batean ibili ondoren. A ze nekea eta a ze poza!

Diegori egiten genizkion bisitei esker kosmopolizatu ginen apur bat eta pertsona eta erakunde maitagarriak ezagutu genituen. Hasteko eta behin nebarekin batera atxilotu zuten Jon Gomezen familia, eta gainera Bruselan lo egiteko etxea uzten ziguten lagunak, trenera edo hegazkinera eramaten gintuztenak, euren etxeetara bazkaltzera gonbidatzen zigutenak, eta elkartasuna adierazi zuten Belgikako elkarteak eta alderdi politikoak.

Belgikan hasitako maratoiak Espainian jarraitu du. Espainaratu zutenetik Soto del Real, Valdemoro, Puerto de Santa Maria eta Alboloteko espetxeak ezagutu ditugu. Soilik bitan egon da Diego etxetik gertu, hain zuzen, ama hil zenean, 2006. urtean, eta, ondoren, aita hil zenean. Orduan Langraizera ekarri zuten baina larrutik ordaindu genuen hurbilketa. Ospitalean ama agurtzeko aukera ukatu zioten Diegori eta zuzenean elizkizunetara eraman zuten. Oihuen eta danbatekoen artean ertzainek indarrez eta arrapaladan eraman zuten neba elizatik hileta amaitu bezain pronto, besarkatzeko aukera eman gabe, agurtzeko aukera eman gabe, eta gure dolua zapuztuz. Oso gogoan dut Diegok orduko lehendakariari Juan Jose Ibarretxeri zuzendu zion gutun irekia. Ez zuen erantzunik jaso.

Hamabi urteko ibilbidean oso egoera gogorrak bizi izan ditugu, baita sumingarriak diren zentzugabekeriak ere. Jakitea, esate baterako, Alboloten negu honetan berogailurik gabe egongo direla presoak, kide baten lagunari bisitara sartzea ukatu diotela entzutea, euskaraz idazten dituzun gutunak hiru hilabeteko atzerapenarekin jasotzen dituela jakitea, aurrez aurrera sartzeko miaketa jasan behar izatea, telefono deiak bost minutukoak izatea. Eta, azkenik, 1.600 kilometroko bidaia egin behar izatea astebururo kristalaren aurrean oihuka 40 minutuko bisita egiteko edo hilabetero ordu eta erdiko aurrez aurrea.

Zigor gehigarri guztiak preso politikoaren izaerarekin bat datoz, pack berean, eta eragiten dizkiguten haserreak, minak, frustrazioak eta ezintasunak kudeatzen ikasi behar dugu. Ez da lan erraza baina bide horretan nik neuk ez ditut behar sufrimenduaren glorifikazioak, senideen edo presoen mitifikazioak eta biktima pasiboaren papera jokatzera zigortu nahi gaituztenen zapladak. Erakusleiho baten barruan oso zaila baita mugitzea.

Maratoia irabazteko bidelagunak behar dira, adorea, elkartasuna, borroka eta babesa. Maratoia irabazteko gauza txikiak eta handiak behar dira, bisitara joaten diren lagunak eta senideak ezinbestekoak dira, baina baita ere urtero neba gogoratzeko egiten dugun afarian parte hartzen dutenak, idazten diotenak, kezkatzen direnak, hurbiltzen direnak, galdetzen dutenak, manifestazio txikietan eta handietan parte hartzen dutenak, egoera iraultzeko borrokatzen direnak. Horiek guztiek harriak eta gehiago mugituko dituzte.

Zaindu bitartean, laztana, maratoia irabaziko dugu eta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.