AHTaren obretan lan istripuak bata bestearen atzetik ari dira gertatzen. Lan horiek bost langileren heriotza eragin dute jada; azkena, Tolosan. Gertaera haren ildotik,hain zuzen ere, zenbait gogoeta plazaratu nahi ditugu, bai instituzioek bai komunikabideek zorigaiztoko jazoera hauei ematen dieten trataera dela eta, batzuek zein besteek duten ardura azpimarratuz.
Gipuzkoako eraikuntzako probintzia mailako hitzarmena ez da betetzen, ez obra publikoan, ez pribatuan. Ez da betetzen langile bakar batentzat ere. Sektoreak bere osotasunean esplotazioa jasaten du, etorkinak izanik lan eskubideen urraketan katebegirik ahulena. Gaur eraikuntzan ez da diru sarrerekin espekulatzen, garai honetan ezinezkoa delako. Gaur, lanari lotutako gastuekin espekulatzen da, eta hortik ateratzen dituzte eraikuntza enpresa nagusiek etekinik handienak. Horrela dihardute instituzioen aurrean, baita erakunde publikoen lanetan ere, odolez zipriztindutako inaugurazioetan arduradunek argazkiak ateratzen jarraitzen duten bitartean.
Eraikuntzan lan egin nahi duen inorentzat ez da hitzarmena betetzen, eta horrek iragarri ezinak diren ondorioak izango ditu sektorean. Lan kontratu finkoa duten langileak kaleratzen ari dira etengabe, lanpostu finko baten prezioan nahiago baitituzte hiru, baldintza laboral eta ekonomiko penagarrietan. Eraikuntza arloko jarduera ez dago indarrean den araudi baten menpe; enpresa bakoitzean, bertako funtzionamendu baldintzen araberakoa da. Horrek, noski, eragin zuzena du segurtasun neurrien faltan eta, ondorioz, gertatzen diren lan istripuetan.
Istripu hauek, larriak izangatik —zenbaitetan heriotza eragiteraino—, komunikabideetan ia agertu ere ez dira egiten. Tolosako istripuaren ingurukoak prentsan nola jaso ziren aztertuta, badirudi hildako langilea bere kamioiarekin pasatzen ari zela kasualitatez, «zoritxarrez», lur jauzia gertatu eta maldan behera amildu zenean. Kontua bestelakoa da, ordea: goizaldeko 04:00ak ziren eta gaueko txandan ari zen lanean, 12 orduko txandan, legezkoak ez diren baldintzetan.
Orduan, zergatik ez da hedabideetan agertu obra zati haren enpresa esleitzailea zein den? Zergatik ez dira azpikontratatuta diharduten gainerako enpresak ezagutzera eman? Herritarrok ez dakigu UTE bat zen ala azpikontratatutako enpresa portugaldar bat... Are gutxiago erantzuleak nortzuk diren. Ez dakigu odoluste honekin nor ari den aberasten. Erantzukizunez aritzekotan, gertaerak azaldu eta erantzuleak seinalatu egin behar dira; gutxien-gutxieneko konpromiso zibikoa da, lan eskubideen lapurreta antolatu hau amaitu nahi bada, behintzat.
Egoera hau bukatzeko borondate politikorik ez da izan gaurdaino. Erakunde publiko guztiek ezagutzen dute arazoa. Kalera atera besterik ez dago eraikuntzako langileak beharrezko segurtasun neurririk gabe lanean ikusteko, lan txanda amaigabeetan (igandeak barne), obra pribatu zein publikoan. Bitartean, Lan Ikuskaritzari enplazamendua egina badiogu ere, seriotasun, zehaztasun eta zorroztasun falta ikaragarria da oraindik. Eta baldintza hauetan enpresaria eroso dabil, eta horrela jarraituko du, bere etekinei lehentasuna emanez, plantilaren osasuna, segurtasuna eta eskubideak bermatuko dituen lan harremanen eredua bultzatzeari bizkar emanda.
Denon ardura da egoera honen erantzuleak nortzuk diren azaltzea, eta hedabideek erantzukizun berezia dute horretan. LAB prest dago behar diren azalpenak emateko (dakigunaz eta ezkutatzen digutenaz), obra pribatuan zein publikoan —erakunde publikoen babesarekin— eskubide laboralekin espekulatzen ari diren horien gaineko salaketa burura eramateko.
Arazoari konponbidea bilatzeko, erakundeen borondate politikoa aldatu beharra dago, eta aldaketa horren zain gaude. Borondatea izanez gero, behar diren baliabide eta bitartekoekin asmatuko da, ziur. Instituzio guztien aldetik beharko da borondatea: udalak, aldundiak nahiz gobernuak, obra publikoaren sustatzaile diren neurrian, eta Lan Ikuskaritza... Guztion ardura da ondorio lazgarriak izaten ari den egoera hau amaitzeko egin beharreko lana egitea. Bien bitartean, arduradun eta onuradunak seinalatzen jarraituko dugu.
Lapurreta antolatua eraikuntzan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu