Historian zehar, Zientzia eta Humanitateak bat eginda ibili dira luzaroan. Zientzia filosofiaren atal bat bezala sortu zen, eta ez ziren banandu XVIII. mendea arte. Descartes eta Leibniz zientzialariak eta filosofoak ziren batera. Pentsalari ilustratuentzat ez zegoen hausturarik jakintza bien artean. Horren adierazle dira Entziklopedia famatuaren bi sustatzaileak: Diderot filosofo eta idazlea zen, etaD'Alembert, fisikari eta matematikaria.
J. M. Sanchez Ron zientzialariaren azken liburuak La Nueva Ilustración du izena, eta erreferentzia zuzena egiten dio Diderot eta D'Alemberten obra erraldoiari. Jakite guztiak biltzeko ahalegin diziplina artekoa izan zen. Ilustrazioak ez zuen bereizketarik egiten ezaguera arloen artean: kultura bakar batean sinesten zuen. Ezagutza osoa zuen helburu. Entziklopedia-k jaso eta mamitu zuen Ilustrazioaren espiritu hori.
Hemen, gurean, Xabier Maria Munibe, Azkoitiko Zalduntxoak, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea eta BergarakoSeminarioa izan ziren pentsamolde berria zabaldu zutenak. Argien mendeko jakiteen bilduma den Entziklopediak 11 harpidedun zituen Bergaran bertan. Euskal gizarte berri baten aldeko apustua izan zen, heziketa hobea ahalbidetuko zuen pentsaera berritzailea, tradiziozko jakintza guztiaren birplanteaketa zientifiko eta kritikoa.
Honela ematen digu Narrosek Intsaustiko solasaldien berri: «Astelehenetako gauetan, matematikaz soilik mintzatzen zen; astearteetan, fisikaz; asteazkenetan, historia irakurtzen zen, bai eta akademiko solaskideen itzulpenak ere; ostegunetan, musika txikia, edo kontzertu txukun samarra; ostiraletan, geografia; larunbatetan, eguraldiaren gaiei buruzko elkarrizketak; igandeetan, musika». Zientziak eta letrak batera, alegia.
Munibek eta bere jarraitzaileek gainerako gizarte modernoen mailan jarri nahi izan zuten euskal nazioa, bai teknika materialei bai mundu ikuskerari dagokionez. Baina, zoritxarrez, saio berritzaile ezin bikainago hark huts egin zuen, bere asmo erreformisten mugengatik eta handikien zein apaizeriaren sektore integristaren kontrakotasunarengatik. Geroztik, porrot larri horren ondorio tamalgarriak ordaindu behar izan ditugu euskaldunok.
Ilustrazioaren ondoren gertatu zen kultura bien arteko etena, XIX. mendean zehazki. Harrezkero, zientzia eta humanitateak bananduta egon dira europar tradizio filosofikoan. Bereizi egin dira kultura zientifikoa eta literarioa. Lehenbizi, zientzia espezializatu egin zen, eta helburu humanistikoetatik urrundu. Gero, letrak izan dira zientziei ezikusiarena egin dietenak. Jatorrizkoa dena (biologia, genetika) eta eskuratua dena (kultura, heziketa) elkarren kontrakotzat jo izan dira.
Baina, kultura zientifikoaz jardun gabe, ezinezkoa da kulturaz hitz egitea. Galileo eta Darwin ipini behar dira Cervantesen eta Shakespeareren ondoan. Ulertzekoa denez, literaturarekin jende gehiago identifikatzen da, baina Espezieen sorrera obra erabakigarria da, eta oso irakurgarria, dio Sanchez Ronek.
Aurrerapenari dagokionean, ondorio argi bat ateratzen du egileak: «Gure ongizatea eta bizi esperantzaren gehitzea ez zaizkio zor politikari, zientziaren bidezko ezagutzari baizik». Ilustratuei fisika kuantikoak eragingo omen zien harridurarik handiena. Minik gabe eta infekzio arriskurik gabe operatu ahal izateak harrituko omen zituen gehien garai hartako herritar xeheak. Zientziak mitoetatik askatu gaitu, tradizioari eta erlijioari lotutako mitoetatik, batik bat —Sanchez Ron zezenketen kontra dago, eta erlijioak askotan ezjakintasunarekin duela zerikusia uste du—.
Orain arte nabarmena izan da zientzialarien eta humanisten arteko etena. Hitzaldi ezagun batean, C. P. Show idazle britainiarrak «bi kulturen» etsaitasuna aipatu zuen duela mende erdi bat. Nabarmena iruditzen zitzaion zientziaren eta humanismoaren arteko komunikaziorik eza. Eta urruntze horretatik letozkeen arriskuak aipatu zituen. Urte batzuk geroago, kultura berri baten etorrera iragarri zuen, sintesi prozesuaren fruitu izango zena. Bistan denez, halako iragarpenik ez da oraindik bete. Zein izan liteke haustura hori gaindi lezakeen bidea?
Azkenaldian, badirudi gertaera intelektual batzuek zientzia eta humanitatearen arteko elkarretaratzea ekarriko dutela. Hori adierazten digute biologian eta neurozientzian egin diren aurrerapauso handiek. Hala uste du Andres Moya zientzialariak bere Eboluzioa-n. Bi kulturen arteko zubi (Laetoli, Iruñea, 2010) liburu gomendagarrianirakur daitekeenez. Besteak beste, Konrad Lorenz eta Jacques Monod bezalako zientzialari europarrek egin zuten aitzindari lana goraipatzen du eboluzionista valentziarrak.
Eboluzioaren teoriak diziplina humanistiko guztiei eragin die (filosofia, etika, artea, soziologia, ekonomia...). Eboluzionismoa zientzien eta humanitateen topagunea izan daiteke. Biologia ebolutiboak asko lagun dezake kultura biak hurbiltzeko ahaleginean. Burmuinaren ezaguerak, bestalde, sakoneko aldaketa eragingo du gure pentsabideetan. Gizakiaren ezagupen hobea izango dugu, hartara.
Kultur iraultza berri baten aurrean egon gaitezke. Ikuspegi aldaketa funtsezko baten hasiera izan daiteke. Eboluzioaren gaur egungo teoriak egin dezake kultura bien arteko zubi lana. Natur zientzien eta giza zientzien arteko banaketa gainditu egingo litzateke, hartara.
Baliteke zientziaren eta filosofiaren uztarketatik «kulturabatua» sortzea. Ilustrazio berrian bizi garela esan ahal izango dugu orduan. Diziplinaezberdinen arteko elkarrizketa dela medio, askoz sakonagojakingo dugu zer-nolakoa den gure izaera.
Kultura batua
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu