Egoera ekonomiko larri honek funtsezko aldaketa eskatzen digula diote adituek, eta guztion artean konpondu beharrekoa dela. Baina zer da guztion artean konpontzea? Europak amankomunean lortu beharko duela gauden honen irteera? Europaren batasuna ez dut uste egiazko batasunean egituratua izan denik inoiz. Motibazio desberdinak zeuden, eta izaera eta egite zeharo ezberdinak daude Europarren artean. Europarren batasuna artifiziala izan delakoan nago, eta ikuspegi desberdinetako paradigmekin sortua. Eta, orain, aurrera atera behar denean, bakoitzak berera egingo duelakoan nago, nahiz eta Sarkozyk adierazi euroak irauteko Estatu guztiek bat egin behar dutela.
Europak, nire ustez, ez du inoiz izan batasunik, ez funtzionamenduan, ez hizkuntzan, ez egitasmoan. Europaren batasuna finantza merkatuaren interesengandik sortua izan da, baina sekulan ere ez berezko guztion arteko batasuna sentitzen genuelako.
Batasunik izan edo ez izan, Europa krisi sakonean sartua da, eta ez dirudi epe laburrera irteera bilatzeko inor gai denik. Gai hau erabiliz, eta gaurko errealitate gordina guregana ekarriz, krisi ekonomikoaren eta politikoaren arteko lotura azaldu zigun oraintsu Bilbon egungo europar soziologorik entzutetsuenetarikoa eta argienetarikoa dugun Alain Tourainek.Berak esanak dira: «Finantza espekulazioen aurka, oinarrizko ekonomia eta giza aukerak indartu beharrean gaude. Oinarri demokratiko funtsezkoak sortu behar ditugu». Gizarte patriarkalaren suntsiketa dugula oraingo hau eta interkulturalitatearen eta matriarkalismoaren babesera itzuli beharra dugula nahitaez.
Beraz, gaur ditugun arauekin ezinezkoa dugu gauden honetatik ateratzea. «Amaren sua» berpiztera gonbidatzen gaitu Tourainek. Eta euskal kulturan hau argia da, «Amaren suak» abegia dakarkigu, beroa damaigu, elkartasuna hedatzen digu, barrua sakontzen eta alaitzen digu. Laburbilduz, aurrera dezakegu elkarrenganako beste hartueman sendoago baten jarduera izan behar dugula, pentsaera zabal eta amankomunean oinarritutako egikeran.
Espekulazio patriarkalistaren egintzatik alde eginez, eredua aldatzea dagokigu. Eduki dugunera baino gehiago, izan garenera itzuliz. Dirua, bizimoduaren balio bat izan dadin, aurrera ateratzeko, hobetzeko, etorkizuna egituratzeko, baina inondik ere ez gizatasuna eta bizitzako baliorik garrantzitsuenak deuseztatzeko. BERRIA egunkari honen eskabidea ere bide horretatik doa, aurrera ateratzeko irakurle eta eragileen laguntza eskatzera datorkigu. Egintza hau arlo askotan egin genezakeen, eta bakoitzak bere ahaleginean babestuko duen portaera da.
Aspaldi batean auzolanak deituriko egintzak egiten ziren bezalaxe edota lur amankomunak, guztiok erabiltzen zituztenak eta guztion onerako bideratuak zeuden ollalurrak genituen gure lurralde honetan. Holako zereginak egunez egun sortzen eta ereiten joan beharko genuke, onura ekonomiko espekulatibo hutsaren ereduak alboratuz.
Finantza handien jokabidea argia da: onura ekonomikoak goratzea, gizakia ito dezaketen inongo ardurarik hartu gabe. Baina erabaki politikoak makroekonomia salbatzeko eta Estatuaren zorrak kitatzeko bakarrik bideratuta badaude, argi dago, politika horrekin, gure bizimodua estutu eta gizakia ito egingo dutela.
Patriarkalismoaren merkantilismo hutsaren eta onura ekonomiko hutsaren kultura bakan honek gizaki askoren estutasuna dakar, eta, beraz, eredu baliogabe baten suntsiketa. Beti legez, erabaki politikoan dago guztia. Eta hemen dago eztabaida: politikak gizakiaren zerbitzura dauden ala kapitalaren menpe egon behar duten, edotamakroekonomiak mikroekonomia zaindu behar duen edota kapitalaren zerbitzurako egon behar duen.
Frantziar soziologoaren ustetan, hemendik atera nahi bada, besteenganako konpetentzian baino gehiago, elkarrenganako kooperazioan legoke gure eginbeharra. Mendebaldeko gizarte hau proposamenik gabeko isilezko gizakiz arautua dagoela dio berak. Goitik esaten digute zer egin behar dugun, eta haiek diotena guk aintzakotzat hartu eta beraien erabakiak hartzean datza gure egitekoa.
Nola gauden jakin badakigu, eta gure laisser faire honek nora garamatzan ere. Patriarkalismoaren jauskera hau ez da nolanahikoa izango, ingurunea etagizakion baliorik preziatuenak zapuztuko ditu bidean. Hondoratuko da, baina gauza zitalak utziko ditu. Batetik, gizakion zitalkeria erakutsiko digu. Halaxe gertatu da historian, eta halaxeko biderantz goaz, patriarkalismoa materialismo hutsari, anbizioari, botereari eta diruari loturik baitago.
Baina ez diezaiogun errealitateari uko egin; kapitalarentzat, eta finantza munduarentzat, gizakia ekonomiaren interesen aberria da. Beren onurarako baino ez ditu gauzak egingo, eta ez du beste ezer ikusiko. Baina hemen, kapitalak arazo kapitala du: dirua ez bada mugitzen, lanposturik ez bada sortzen eta kontsumoa jaisten bada, zelan demontre irteera bilatu? Beraz, kapitalarentzat, beste balio guztiak soberan dauden honetan, eta hori horrela ikusita, gizakion parte hartzean eta harremanak areagotzean ez ote dago ba irtenbide bakarra?
Krisia eta eredu berriak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu